Diru goseak eta etekinetan bakarrik zentratzeak Bizkaibus-eko zerbitzuak okerrera egitea eragin duela salatu du ELAk

2020/02/28
Barne-berrantolaketa baten aitzakiarekin, lanpostuak amortizatzen eta sail jakin batzuetako zerbitzuak murrizten edo ezabatzen ari dira Bizkaibusen, beti ere, enpresa emakidadunek beren irabaziak handitu ditzaten. Gauzak horrela, ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio, gorabehera horien guztien berri izanik, beharrezko neurriak har ditzala jarduera horiek bertan behera uzteko eta erantzukizunak argitzeko.

Bizkaibusek urtean 26 milioi erabiltzaile baino gehiago hartzen ditu. Pribatizatutako zerbitzu publiko horren enpresa emakidadunak onura handiak lortzen ari dira altxor publikoaren kontura. Hala eta guztiz ere, enpresak tailer-zerbitzua murrizten ari dira giza baliabideetan eta baliabide materialetan, eta, ondorioz, konponketak ezin dira garaiz eta behar bezala egin, zerbitzu hori pixkanaka kanpora ateratzeko helburuarekin.

Gauza bera gertatzen da kabinen kolektiboarekin (ezintasunak edo osasun-arazoak dituzten langileentzat gordeta) kasu jakin batzuetan ez baitira lanpostu horiek kubritzen, ezta alternatibarik bilatzen ere zerbitzu hobea emateko edo funtzio berriak garatzeko. Administrazioaren babesarekin zerbitzu hau desagerrarazi nahian dabiltzala salatu du ELAk.

Beste alde batetik, kalea ikuskatzeko zerbitzua — trafiko-egoerak in situ antolatzeaz arduratzen dena — etengabe gutxitzen ari da, eta, ondorioz, ezinezkoa da gertatzen diren gorabeherei aurre egitea. Ondorioz, kasu askotan ezinezkoa da zerbitzua behar den erregulartasunez eta kalitatez ematea. Duela gutxi, ikuskaritza zerbitzuak Ezkerraldeko hainbat udalerritan inauteriak ospatu zirela abisatu zuen eta ibilbide alternatiboak proposatu zituen. Emakidetako bateko zuzendaritzak planteamenduei muzin egin zien eta 15 autobus arteko ilarak 50 minutuz geldirik egon behar izatea eragin zuen, blokeatuta eta zerbitzurik eman gabe.

Azkenik, ELAk salatu du enpresek ez dituztela ordezkatzen baja-egoeran dauden langileak, lizentziak, baimenak eta abar, eta horrek lan-gainkarga sortzen duela, eta horrek eragin negatiboa duela egunero herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean.