EAEko Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoia eman dio: Gipuzkoako Aldundiak haurdun ziren lau emakume diskriminatu ditu

2022/03/10
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2022ko otsailaren 22an argitaratutako epaian, arrazoia eman die Gipuzkoako Foru Aldundiko lau teknikari ertainei Diputazioak haurdun egoteagatik diskriminatu zituela ondorioztatu baitu. Lau emakumeri 2019ko Errenta aitorpenaren kanpainarako lanpostua esleitu zitzaien -puntuazioaren eta zerrendetako ordenaren arabera lanpostua zegokien-, baina Diputazioak baztertu zituen haurdun izanik eta pandemia betean arrisku egoeran zeudela argudiatuta. Bada, epaileak erabaki hori baliogabetu egin du, uste duelako haurdun egoteagatik diskriminazioa pairatu zutela. ELAk epaia txalotu du, zuzenean interpelatzen baititu herri administrazioak, batik bat Gipuzkoako Aldundia, horiek sustatu behar baitute berdintasun formala ez ezik, baita benetako berdintasuna ere, hartara haurdunaldi bat ez dadin emakumeentzako desabantaila bilakatu.

Emakumeok Aldundiaren lan-poltsa bateko deialdi publikoan parte hartu zuten 2019 ekitaldiko errenta kanpainan lan egiteko, eta deitu egin zituzten puntuazioaren eta zerrendetako ordenaren arabera. Haatik, haurdun zeudela eta, Aldundiak jakinarazi zien ez zituela izendatuko, Covid-19arengatik arriskuan egongo zirelako.

Auzitegiak aintzat hartu du langileek egindako helegitea, eta Aldundiaren jokabidea diskriminatzailetzat jo du, bete-betean aplika baitaiteke kasu honetan Auzitegi Konstituzionalaren honako doktrina:

“Emakume langilearen izaera biologikoaren eta osasunaren babesa bateragarri izan behar da bere eskubide profesionalen iraupenarekin; haurdunaldiak edo ondorengo amatasunak eragindako gutxiespen edo kaltea sexuagatik izandako zuzeneko diskriminazioa da” (...) “kasuotan ez daukate balio legitimatzailerik neurria justifika lezaketen beste arrazoiek ondorio distkriminatzaileaz gaindi” (STC 182/2005, uztailaren 4koa, besteak beste).

 Horregatik, Auzitegi Nagusiak deritzo Aldundiak aipatutako arrazoiak, alegia, haurdunaldiarengatik pandemia aldian arriskuan zeudela, ez direla baliogarri helegitea jarri zuten emakumeei kargutik kentzeko. Izan ere, “salbuespeneko egoera sanitarioa txeke zuri bilakatuz aplikagarria den ordenamendu orokorra modu nabarian baztertzen duten erabakiak hartzeko” aukera eskaintzen du. Beraz, Aldundiak sexu eta haurdunaldi diskriminazioa badago, eta langileei aitortzen zaie kanpainako ordainsariak jasotzeko eskubidea, izendapen horri dagozkion gainerako eskubide ekonomiko eta administratibo guztiekin batera.