LANGILE PUBLIKOAK
EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira lan baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatearekin

EAEko sektore publikoko ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek bilerak egin dituzte EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiekin espainiar Gobernuak onartutako langile publikoen soldatari buruzko Errege Dekretuari buruz hitz egiteko. Aldebiko bilera horietan, sindikatuek eskatu diete alderdiei Kongresuko bozkak erabili dezatela langile publikoen lan baldintzak euskal esparruan erabaki ahal izatea ahalbidetzeko. Izan ere, Madrilek proposatutako %2ko soldata igoerak erosahalmenaren galera ekarriko du hirugarren urtez jarraian.
Alderdiek ez dute argi adierazi zer bozkatuko duten uztailaren 23ko dekretuaren bozketan Kongresuan. Baina guztiek agertu dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabakitzearen aldeko jarrera, hain zuzen, sindikatuen eta langile publikoen eskaria. Sindikatuen ustez, alderdiek erakutsitako jarrerarekin koherenteak izan eta esparru hori ahalbideratzeko erabakiak hartu beharko lituzkete.
Bestetik, sindikatuek salatu nahi dute PSE eta PPren jarrera. Maiatzako bileran errondan ez zuten parte hartu eta oraingoan ere ez diete eskaerari erantzun. Sindikatuek borrokan jarraituko dute Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak Madrilen erabaki ez daitezen, sektore pribatuen euskal hitzarmenen aplikazioa gailendu den bezalaxe.