Ehunka langilek EAEko sektore publikoan enplegua kontsolidatzea eskatu dute, behin-behinekotasun tasa altuari aurre egiteko

2021/03/17
Ehunka langilek EAEko sektore publikoan enplegua kontsolidatzea eskatu dute, behin-behinekotasun tasa altuari aurre egiteko
ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta Esk sindikatuek EAEn enplegu publikoa sortzea eta behin-behineko langileen kontsolidazioa aldarrikatzeko hiru hiriburuetan deitutako kontzentrazioetan adierazi dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute, agintari eta alderdi politiko arduradunek egoerari irtenbide egokia ematen ez dioten bitartean. Hurrengoak martxoaren 30ean izango dira, lantoki guztietan. Sindikatuek proposamen sorta bat aurkeztu dute EAEko sektore publikoko behin-behinekotasun tasa altua, Espainiako Estatuko eta Europako altuena, iraultzeko.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta Esk sindikatuek EAEko sektore publikoan enpleguaren egoera kezkagarria dela salatu dute hiru hiriburuetan egindako elkarretaratzeetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Lakuaren aurrean. Euskal erakundeek zerbitzu publikoak azpikontratatzeko duten joera gero eta nabarmenagoa dela deitoratu dute, eta "behin-behinekotasun tasa onartezina"

% 40tik gorakoa, azpikontrataziorako eta pribatizaziorako aldez aurreko ezinbesteko urratsa dela azpimarratu. Gehitu dutenez, joera hori modu sistematikoan, eta, kasu askotan, iruzurra eginez errepikatzen da EAEko sektore publiko osoan. Gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak berak onartu izan duela Espainiako Estatuko eta Europako behin-behinekotasun tasarik handiena dela.

Sektore publikoko langileen prekarizazioa eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoak ahultzea eragiten duen erabaki politiko horien aurrean, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta Esk sindikatuek mobilizazio-dinamika bat jarri dute abian, honako helburu hauekin:

• Erakundeei eskatzea orain mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzea. Izan ere, sindikatuen ustez lege-proiektu horiek ez dira nahikoak, ez dute enplegua kontsolidatzen, eta ez dute balio aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzeko.

EAEko erakunde guztiak interpelatzea, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezkoak diren arau-aldaketak bultzatzeko urratsak eman ditzaten, aparteko kontsolidazio-prozesuak gaitzeko. Halaber, prozesu horiek administrazio guztietan martxan jar ditzatela eskatzeko asmoa dute, nahitaez bete beharrekoak, bermatzaileak eta sindikatuen ordezkariekin negoziatuak izan daitezen.
• Kontratazioan dagoen behin-behinekotasunari amaiera emango dioten mekanismoak martxan jartzea, langileen behar guztiak identifikatzea, eta horien arabera erabakiak hartzea, gaur egungo behin-behinekotasuna betiko ezabatzeko.

Dagoeneko martxan dauden lan-eskaintza publikoko prozesuek kolektibo bakoitzaren beharren araberako ezohiko neurriak har ditzaten eskatzea, negoziazio kolektiboaren bidez.
• Administrazioei eskatzea pribatizazio- eta kanporatze-politikari amaiera emateko.
• Langile gazteak kontratatzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat sortzeko eskatzea.