Lan Ikuskaritzak EITB behartu du legeari iruzur eginda kontratatutako 65 langileren egoera arautzera

2018/10/18
Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak 600.000 euroko isuna jarri dio EITBri, baina 2014ko irregulartasunak baino ez ditu arautzen. Euskal Administrazioan orokorrean gertatzen den bezala, EITBn ere prekarietatea da nagusi. Datuei erreparatzea besterik ez dago: langileen %30ak aldi baterako kontratua du. Gainera, langile asko egon dira EITBrentzat lanean, baina lan-kontraturik gabe, alegia, iruzurra ohikoa da.

ELAk salaketa ugari jarri ostean, Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak zehaztu du 65 langileri EITBko kontratua egin behar zaiela.

Halere, Lan Ikuskaritza 2014ko kontratu irregularrak arautzera mugatu da. Horren ostean etorritako urteetan gertatu den iruzurra arautzea dagokio orain.

ELAk EITBri exijitzen dio bertan behera utzi ditzala prekarietatea besterik eragiten ez duten politikak, eta arautu dezala EITBrentzat lan egiten duten langileen egoera; bai iruzurrean oinarritutako kontratuak dituztenen langileena, baita aldi baterako kontratua duten beharginena ere.

EITBn gertatzen ari dena ez da kasu isolatua, baizik eta erabat barneratuta dagoen politika neoliberala. Horren aurrean, premiazkoa da enplegu publikoaren eredu berri bat sortzea, Administrazioan nagusi den prekarietatea behingoz errotik ezabatuko duena, gizarteri kalitatezko zerbitzua eskainiko dion eredua, hain zuzen ere.