ELA: Aldundiak langile guztientzako hitzarmen baterako baldintzak bermatu behar ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak ikatza jaso du Gipuzkoako erresidentzietan egindako kudeaketa okerragatik. Olentzero eta Maridomingi izan dira, grebalariek antzeztutako ekitaldi batean, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileari eman diotenak. Langileek greban jarraitzen dute, eta manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan bi aldarrikapen nagusirekin: lanaldi partzialeko kontratuak % 100eko lanaldiko kontratuak izatera pasatzea eta soldata arrakala ezabatzea. Izan ere, langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte eta 10.000 eurotik gorako soldata arrakala jasaten dute urtean, gehienak emakumeak eta azpikontratatuak diren sektorean. Maiatzean hasi zituzten grebak, eta dagoeneko 14 egun bete dituzte. Urtarrilaren 22an eta 23an beste bi greba egun daude deituta. Greban jarraitzen duten sei zentrok urtarrilaren 23ra arte jarraituko dute.
Joan den astean Gipuzkoako aurrekontuak onartu zituzten EAJ-PSEk eta Podemosek. Besteak beste, erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak homogeneizatzeko asmoz, sektoreko hitzarmen bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horretarako, 10 milioi euro adostu ziren.
ELAk ontzat eman zuen Aldundiak langile guztientzako hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa, baina patronalek ez zuten baldintza hori bermatu, eta ez zuten eduki berririk mahai gainean jarri joan den astean deitutako negoziazio mahaian. Gauzak horrela, zera eskatu dio sindikatuak Aldundiari: patronalaren itxikeria gainditzeko eta bi aldeen gehiengoarekin bakarrik posible izango den hitzarmen sektorial bat bultzatzea. Sindikatuak gauza bera eskatu zion atzo, abenduak 22, Podemosi, aldebiko bileran.