ELA-Ertzaintzak berriro adierazi du prest dagoela giza-eskubideen defentsan eta polizia-eredu demokratikoagoa ezartzen laguntzeko

2017/12/19
Segurtasun sailak behar beste neurri hartu behar du bermatzeko etorkizunean ez dela tortura edo tratu txarrek eragindako salaketarik izango. ELA-Ertzaintzak txalotu egiten du txostena egin duen taldea, ikerketa oso eta zorrotza burutu baitu; halaber, prest gaude giza-eskubide guztien alde lan egiteko eta babesa emateko.

ELAk Ertzaintzan duen atal sindikalak atzo, abenduak 18, ezagutu zituen 1960 eta 2014 bitartean Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren ondorioak. Txosten hau Oiartzunen aurkeztu zuten Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak.

Txostenean polizia ezberdinei leporatzen zaizkien 4.113 tortura eta tratu txar kasu jaso dira; horietatik %8 Ertzaintzaren aurka jarritako salaketei dagozkie. Horrenbestez, Fernandezek eta Etxeberriak esaten dute beste polizien aldean errealitatea ikuspuntu kuantitatibo eta kualitatibotik oso bestelakoa dela, eta ez dela Ertzaintzaren aurkako epai judizialik izan torturengatik.

Halaber, Ertzaintzak estrukturalki eredu prebentiboa garatu duela esaten dute, eta hau analizatu duten zaintza- eta giza eskubide-erakunde guztiek ontzat eman dutela.

ELA-Ertzaintzak demokraziarekiko, giza-eskubideekiko eta hurbileko polizia-eredu prebentiboarekiko konpromisoa duenez, adierazi behar du, nolanahi ere, egiaztapen horiek gorabehera ezin dela irakurketa lasaigarri bat egin. Aitzitik, baliagarri izan behar dira Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun sailak beren esku dagoen erabaki oro har dezaten, beste inoiz ez dadin gertatu tortura edo tratu txarrengatik jarritako salaketarik.

ELA-Ertzaintzak behin eta berriz esan izan dio Segurtasun sailari elkarrizketa mahai bat eratu behar dela polizia-eredu demokratikoagoa lortzeko, eta giza-eskubideak zein herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko, baina saileko arduradunen erantzuna beti ezezkoa izan da.

ELA-Ertzaintzak txalotu egiten du txostena egin duen taldea, ikerketa oso eta zorrotza burutu baitu; halaber, prest gaude giza-eskubide guztien alde lan egiteko eta babesa emateko.