ELA eta LABek deitutako EAEko administrazio orokorreko 3 orduko lanuzteak jarraipen zabala izan du

2017/11/22
Ehundaka langilek Eusko Jaurlaritzako enplegua egonkortuko duen eta behin behinekotasuna %6ra jeitsiko duen plangintza egoki bat, murrizketen atzera botatzea eta negoziazio erreal baten hasiera exijitu diote Jaurlaritzari, kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko berme gisa.

Euskal Erkidego autonomoko Administrazio orokorreko eta bere erakunde autonomoetako 3 langiletik 1ek eman dio babesa gaur 3 orduko lanuzteari (%35a), eta ehundaka langilek hartu dute parte mobilizazioetan. Bizi duten egoera larria salatu eta enplegua egonkortuko duen plangintza bat, lan baldintzetan jasaten ari diren murrizketen atzera botatzea eta negoziazio erreal baten hasiera exigitzeko Eusko Jaurlaritzari.

Oso larria da EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako (EUSTAT Lanbide, Osalan, Emakunde...) langileek bizi duten egoera. Eta Jaurlaritzak egoera honekiko agertzen duen arduragabekeria eta egoera aldatzeko langileen ordezkariokin negoziaziorako borondate falta, berriz, onartezina:

  • Lanpostu publikoen galera nabarikoa da Administrazio honetan. Lehen ere nahiko urria zen plantilari 200 lanpostutik gora kendu dizkio Jaurlaritzak 2010etik hona. Jaurlaritzak jubilazioak probesten ditu lanpostu asko hutsik uzteko edo ezabatzeko, zerbitzu publikoen zerbitzu egokirako duten garrantziari erreparatu gabe.
  • Administrazio Orokorreko Langileen %40 inguru behin behinekoa da, lanpostu zerrendan jasotako lanpostuak betetzen ari direnak: LEPik ez da gauzatu azkenengo urte luzeetan, zenbait kidegotan/kategoriatan 27 eta 17 urte daramatzate LEPik gabe. Honen ondorioz, 7.000 langileko plantillan 2.700 behin behinekoak dira. Honi, lanpostu zerrendatik kanpo dauden egiturazko 100 lanpostu inguru gehitu behar zaizkio.
  • Zerbitzu publikoak Administraziotik kanpoko enpresetara bideratzen ditu, hau da, zerbitzu publikoak pribatizatu egiten ditu. Jaurlaritzak etengabe, kontrol publikoari ihes egiten dioten negozio pribatuak elikatzen ditu diru publikoarekin, eta lan baldintza kaskarrak sustatzen ditu, kalitatezko enplegua sustatu eta lan baldintza duinak bermatu ordez.
  • Bitarteko langileak kaleratze arriskuan daude une honetan. Jaurlaritzak alde bakarrez lekualdatze lehiaketa bat deitu du, honek beren titularitzakoa ez den lanpostu bat betetzen ari diren langile finkoengan, eta, bereziki, bitarteko langileengan izan ditzakeen kalteak aurrikusi eta enpleguaren inguruko diseinu egoki eta integral bat gauzatu gabe.
  • Gaixorik jartzea, bajak hartzea zigortu egiten da. Izan ere, 2012tik aurrera, bajak hartzerakoan soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko erabakia hartu zuen Jaurlaritzak.
  • Soldatetan aldebakarrez ezarri dizkiguten murrizketek %15etik gorako eros ahalmenaren galera eragin digu langile publikooi.
  • Eusko Jaurlaritzan langile publikoek ez daukate garapen profesionalerako inongo aukerarik.
  • Erretiroa hartzeko pizgarririk ere ez dute eta Itzarri Pentsio planerako ekarpenak etenda dituzte. Lan legepeko langileek, gainera, 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera airean dute.

Administrazio orokorreko langileek zerbitzu publiko on bat eskaini nahi dute, euskal gizarteak zerbitzu publiko onenak merezi dituelako. Zerbitzu publikoak gizarteak behar beharrezko dituen tresnak dira injustizia soziala baztertzeko eta eskubide unibertsalak bermatzeko; eta horretarako ezinbestekoa da lan karga egokiak izatea, lanpostuetan egonkortasuna izatea, gaixotuz gero ordezkatuak izatea...

Hau horrela, ondorengo aldarrikapenak luzatzen dizkiogu Jaurlaritzari:

  • Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea.
  • Enpleguari dagokionez, behin behinekotasuna %6ra jeitsiko duen enpleguaren egonkortze eta kontsolidazio prozesu integral bat, sindikatuokin adostua, eremu honetako langileen egoera kontuan hartuz.
  • Zerbitzuak kanporatzeari uztea Mahai Orokorreko akordioan jasotakoa betez.
  • Lanpostu zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu.
  • Murrizturiko soldata eta eros ahalmena berreskuratu.
  • Bajak bere osotasunean ordaindu.
  • Garapen profesionalerako bideak adostu (etengabeko lekualdatze lehiaketa, barne sustapenarako aukerak,…)
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu (erretiro pizgarriak, Itzarrira ekarpenak, jubilazio partziala).

Hurrengo asteetan Jaurlaritzaren aldetik aldaketarik ikusi ezean, mobilizazioekin jarraitu beste aukerarik ez dugu izango.