ELA euskal espetxeetako pertsonalean militarrak sartzearen erabat aurka dago
Pertsonalaren kontrataziorako iragarpen hori erabaki desegokia da; batez ere, bere burua aurrerakoi eta ezkertiartzat duen gobernu batek hartzen badu. Izan ere, espetxeetako langile izateko behar den gutxieneko titulurik gabe, hain lan konplexua egiteko behar den prestakuntza eta esperientziarik gabe eta espetxe-lanak egiteko behar den profilaren guztiz kontrakoa den batekin, gizatasunaren eta demokraziaren ikuspegitik, gizarteratzearen azken helburua betetze aldera, ez dugu begi onez ikusten.
Espetxeetako langileen kolektiboak begirunea eskatzen du, egunero egiten duten lan konplikatu eta garrantzitsuarekiko.
ELAk Estatuko Gobernu berriari espetxeen berehalako transferentzia eskatzen dio, eta transferentzia osoa eta esklusiboa izan dadila. Beste era batera esateko, transferentzia hori ezin da kudeaketa-arduraren eskualdatze hutsa izan; aitzitik, espetxe-politika propioa garatzeko gaitasuna eman behar digu, Estatuko ereduarena ez bezalakoa; zeren Estatuko espetxe-politika askotan gizatasunik gabea, kolapsatua eta birgizarteratze-gaitasunik gabea agertu baita.
ELAko atal sindikalok hemengo espetxe-administrazio demokratiko eta euskalduna defendatzen dugu, EAEko eta Nafarroako Justizia departamenduen menpean kokatzekoa. Espetxeetako administrazio horrek zorrotz begiratu behar du espetxeratutako pertsonen eskubideengatik.
Halaber, espetxe-sistema publiko eta kalitatezko baten alde egin behar da, edozein motatako pribatizazio eta azpikontratazio saihestuz. Langileei negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu behar zaie, EAEko eta Nafarroako administrazioko pareko soldata eta baldintzekin; oraingo berariazko baldintzei eutsiz; eta espetxeetan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko plan zehatz eta neurri eraginkorrekin.