EUSKAL POLIZIAREN LEGEA
ELA ez dago ados Udaltzaingoari su-armak ezartzen dizkion Dekretuarekin

ELA lege horren aurka agertu zen; izan ere, ELAk defendatzen duen polizia-ereduaren aurka joateaz gain, ez zen sindikatuen ordezkariekin eztabaidatu eta negoziatu,eta ez zekarren aurrerapausorik, besteak beste, ratioei eta lan-baldintzei dagokienez, eta udaltzaingoaren behin-behinekotasunari atea irekitzen zion.
Dekretu horren aurka bozkatu zuen ELAk Udaltzaingoaren Koordinazio Batzordean. Izan ere, dekretuaren zirriborroa bilera baino bi egun lehenago jasotzeaz gain, armei ematen dio lehentasun osoa , eta ez du inolako hobekuntzarik ekartzen ez ratiotan, ez formazioan eta ezta udaltzaingoen etengabeko birziklatzearen inguruan ere.
Azkenik, ELAk salatu nahi du polizien lan-baldintzak gero eta okerragoak direla, langile falta orokorra dela, erakunde batzuetan kezkagarria guztiz. Ratioak ez dira nahikoak , behin-behinekotasun tasa % 30 ingurukoa da eta horrekin batera errotazioa, prestakuntza falta eta plantillak birziklatzeko borondate eza nabarmena dela, horrek ondorioak dituelarik udaltzainen osasunean eta herritarrei eskaini behar zaien zerbitzuan.