ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek eragindako euskal osasun publikoaren ahultze progresiboa salatu dute

2020/06/22
Honen aurrean, sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte datorren ostiralerako, ekainak 26, goizeko 11:00etan, Basurtu, Donostia eta Txagorritxu ospitaleetan, eta baita Osakidetzaren lehen arretako zentroetan ere. Aipaturiko sindikatuek dei egiten diete langileei eta herritarrei parte hartzera.

Koronabirusaren krisiak gure begien aurrean jarri ditu zein diren bizitzarako funtsezko sektore edo jarduerak. Eta zerbitzu publikoen garrantzia ere agerian utzi du; hain zuzen ere, osasun publikoak ongizate kolektiborako tresna gisa duen garrantzia, bizi-aseguru kolektibo bat baita, denon onerako indartu eta garatu behar duguna, inolako zalantzarik gabe.

Hala ere, azken urteetan osasungintza negozio-hobi bihurtu da, eta hor ikusi dute batzuek dirua irabazteko aukera, osasun-sistemaren kontura. Hala, osasun publikoaren ahultzearen lekuko izan gara, eta horren ondorioak nabarmenak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan.

Argi eta garbi esan dezakegu langileen ahaleginari eta inplikazioari esker arindu ahal izan direla gure osasun-sistemaren gabeziak, egunerokoan ere gertatzen den bezala. Langileek salbuespenezko baldintzetan bete dute beren lana:

  • Lan-karga onartezinak.

  • Babes-neurrien falta ikaragarria.

  • Langile gutxiegiko lantaldeak, krisiari aurre egiteko prestakuntzarik jaso ez dutenak, eta Osakidetzak baliabide nahiko eta egokiez hornitu ez dituena.

Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira.

Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren ahulezia eragin dute arian-arian.

Politika horien ondorioak:

  • Ekonomiaren hazkunde-garaietan aurrekontu-partida murritzak, EBeko batez bestekotik askoz beheragokoak.

  • Enplegu-suntsipena, egitura-plantilla txikiegia eta ordezpenik ez —oporretan, erretiroetan eta bestelakoetan—.

  • Kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera: plantillaren %40 aldi baterakoa da.

  • Lan-eskubideen murrizketak: eroste-ahalmenaren %15eko galera, Itzarri, lanbide-garapena, erretiro aurreratuko primak.

  • Pribatizazioak.

  • Lan-karga onartezinak, eta horrek dakarrena, arreta-kalitatea narriatzea, alegia.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote, lehenbailehen eta gehiago luzatu gabe, alda ditzala osasun-arloko politika publikoak, eta har ditzala honako neurri hauek:

  • Aurrekontu-partida nahikoa onestea, hemengo osasun publikoa EBeko batez bestekoaren pare jartzeko.

  • Enplegu-arloan:

    • Plantilla ugaltzea, iruzurrezko kontratazioak egitura-plantillan txertatuz.

    • Behin-behineko langileak finkatzea, plantilla egonkortzeko, eta Osakidetzan diru publikoarekin prestaturiko profesionalen ihesa geldiarazteko.

  • Murrizketa guztiak lehengoratzea: eroste-ahalmena berreskuratzea, Itzarri, lanbide-garapena, erretiro aurreratuko primak.

  • Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.

  • Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, hala koronabirusa balizko berragertzeari begira, nola eguneroko lanari begira: babes-material nahikoa eta egokia ematea kategoria guztietako langileei; arreta-mailetako lan-arriskuak aztertzea; prebentzio- eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea (lan-kargen ondoriozkoak ere barne hartuz); eta neurri zuzentzaileak hartzea.

Hori dela-eta, elkarretaratzeak antolatu dituzte datorren ostiralerako, ekainak 26, goizeko 11:00etan, Basurtu, Donostia eta Txagorritxu ospitaleetan, eta baita Osakidetzaren lehen arretako zentroetan ere. Aipaturiko sindikatuek dei egiten diete langileei eta orohar herritar guztiei parte hartzera.

Azaldutako egoera zuzentzeko neurriak eskatzen dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta osterantzean, beren protestak areagotuko direla adierazi dute.

Asko dugu jokoan! ORAIN, INOIZ BAINO GEHIAGO, OSASUN PUBLIKO, KALITATEZKO eta eskubidedun baten alde!