BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

ELAk %23tik gorako soldata igoera lortu du, bi urteko gatazkaren eta 68 eguneko grebaren ondoren

2023/05/23
ELAk (sektorean % 64ko ordezkaritza du) akordioa sinatu du eguerdian Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) patronalekin Bizkaiko adinekoen egoitzen hitzarmena berritzeko. Langileek aho batez erabaki dute gaur egindako batzarrean ia bi urte eta 68 greba egun iraun duen lan gatazkari amaiera ematea. 5.000 langile baino gehiagori eragiten die.

Akordioak KPI+4ko soldata igoera jasotzen du, 2021etik 2025era bitartekoa da, eta Bizkaiko adinekoen egoitza guztietan aplikatuko da, gutxienez. Epe hori amaitzean, soldatek % 23,22ko igoera izango dute, eta horrek aurreko greban lortutakoari jarraipena emango dio: ondorioz, 2015etik metatutako soldata igoera % 36 baino handiagoa a da. Horrela, Hego Euskal Herriko eta Estatuko soldata handienak izango dira, Gipuzkoan UGTk gutxiengoan sinatutakoa gaindituz.

Era berean, asteko 35 orduak finkatzen dira (urteko 1.592 ordu), eta lanaldiaren barruko 20 minutuko atsedenarekin, benetako lanaldia 1.520 ordukoa da. Bizkaiko sektoreko langileek estatuko batez bestekoa (1.772 ordu urtean) baino 180 ordu gutxiago lan egingo dute. Horregatik, soldata hobekuntza eta lanaldi murrizketa kontuan hartuta, lan egindako ordu bakoitzeko balioa handitu egiten da: Estatuko batez bestekoa orduko 9,16 eurokoa den bitartean, Bizkaian ordua 15,83 eurora ordainduko da batez beste, Estatukoa baino % 73 gehiago.

Nabarmendu behar da Hitzarmenak zahar etxeetako plantillen % 85 finkoak izatea bermatzen duela, eta lehen egunetik egingo direla hutsuneen ordezkapenak, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, adostu da berdintasun planak bultzatzea eta euskararen erabilera.

Beraz, honako hauek dira hitzarmenean jasotako aldarrikapen nagusiak:

  • % 23,22ko soldata igoera (KPI + 4 hitzarmenean zehar).

                            *2023: % 8,78; 2024: % 5,10; 2025: % 5,10 + % 2,55, 2025eko urritik aurrera.

  • Gerokultore baten soldata hileko 1.460,80 eurotik 1.800 eurora igaroko da 2025ean.
  • Igandeetako plusen igoera eta antzinatasuna % 22tik gora.
  • Bermatzen da bere garaian CEBEKek atzera bota zituen hitzarmena eta erreformaren aurkako klausula guztiak aplikatuko direla.
  • Lehenengo eguneko ordezkapena bermatzen da, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
  • Patronalak langileen kontratazio egonkorrerako eta enplegagarritasunerako konpromisoa hartzen du, behar asistentzialak kontuan hartuta.
  • Berdintasun eta euskara planak bultzatzeko benetako konpromisoa.
  • Hobekuntzak kontziliazio arloan.

ELAk nabarmendu nahi du sektore feminizatu eta ikusezin baten borroka, aurreko hitzarmenean ere, 378 eguneko grebarekin borrokatu behar izan zuena. Denbora luzez, patronalek negoziatzeari uko egin diote, baina sektoreko langileen mobilizazioei eta grebari esker, lortu da sektoreko enpresen negoziatzeko ukoa iraultzea. Bizkaiko Aldundiak, sektorearen erantzule izanik, eragin orokorreko akordioaren beharrarekin bat egin du. Urrats berri bat da, oso garrantzitsua, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko, eta aurrerapen bat sektoreko erabiltzaileen bizi baldintzak hobetzeko.

Orain, ELAk adinekoen egoitzaz egoitza jarraituko du lan sindikalarekin, sektoreko lan baldintzak duindu eta hobetzeko, baita zaintza eredua aldatzea ezinbestekoa den guztiz beharrezkoa den sektore batean emandako zerbitzua ere.