ELAk babes osoa ematen dio Catalunyako hezkuntzako murgiltze ereduari eta Euskal Herrian ezartzea eskatzen du

2018/02/16
Sindikatuarentzat oso larria da espainiar gobernuak, 155. artikuluaren aitzakiapean, nazionalismo espainiarra ezarri eta katalana eta hizkuntza gutxituen ezagutza bermatzeko ezinbestekoa den eredua desegiteko egin nahi duen apustua. Neurriak ez du ez gizarte katalanaren ezta hezkuntza komunitatearen inolako babesik, eta jendartean nahiz eskolan gatazka eta haustura besterik ez du sortzen.

Espainiar gobernuak jakinarazi du martxoan abiatuko den matrikulazio prozesuan gaztelania oinarrizko hizkuntza izateko aukera irekiko duela. Honela, orain arte katalanaren ezagutza, gizarte kohesio eta ikasle guztien berdintasunerako oinarrizko tresna izan izan den murgiltze eredua bertan behera utziko luke.

Espainiar Estatua, indarkeriaren bidez eta 155. artikulua erabiliz, hauteskundeetan babesik izan ez duen eta Catalunyako herritarrek inolaz ere babesten ez duten programa politikoa aurrera eraman nahian ari da, modu erabat antidemokratikoan gainera.

ELAk babes osoa ematen dio Catalunyako hezkuntza komunitatearen ahobateko adostasuna duen eta urte luzeetan katalanaren ezagutza, gizarte kohesioa eta ikasle guztien berdintasuna bermatzeko ezinbesteko tresna izan den murgiltze ereduari.

Era berean, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die, beti ere errealitate ezberdinak kontuan harturik, Catalunyan duela 25 urte egin zen moduan, euskararen ezagutza bermatuko duen murgiltze eredua abian jartzeko. Bide horretan, ELAri larria iruditzen zaio, Eusko Jaurlaritzak berriki plazaratu duen “Hezkuntza Akordioaren Oinarriak” dokumentuan Derrigorrezko Hezkuntza amaitzean euskarazko B2 maila bermatu behar dela esatea, eta, aldi berean, euskalduntzea eragozten duten hizkuntza ereduen sistema mantentzea edo egungo egoera oraindik ere gehiago okertzen duen hirueleko markoa zabaltzea, euskarari pisua kenduz ingelesa eta espainolaren mesedetan.