ELAk bilera eskatu dio Arartekoari ratioen dekretu berriak zahar egoitzetan eragiten duen “tratu txar instituzionala”-ri heltzeko

Sindikatuak gogora ekarri duenez, iragan den otsailean erresidentzietako ratioei buruzko kanpaina bat jarri zuen abian, hain zuzen, egun bakoitzean adineko bakoitzari eskaintzen zaion debora zehaztuz. Datuak argiak ziren: Bizkaian 60 minutu egunean; Araban 88; eta Gipuzkoan 92. “Beste modu batera esanda, bi ordu ere ez zaizkio eskaintzen pertsona bakoitzari”.
Gizarte eragile ezberdinek egin dute bat salaketa horrekin, baita Eusko Legebiltzarrak berak ere. Izan ere, urriaren 24an, dekretua berrikusi eta aldatzeko mozioa onartu zen.
Onartutako mozioan, dependentzia egoeran dauden pertsonak eta hauen zaintzaz arduratzen diren langileak zaintzaren sistemaren erdigunean jartzea exijitu zen, kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko bidean.
Ildo beretik, Arartekoak berak baieztatu zuen beharrezkoa zela gizartearen errealitate berrira egokitzea eta beharrizanei behar bezala erantzutea.
Azken urteotan aldarrikapen kolektiboa izan da ratioak hobetzea egoiliarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko. Aldarrikapen horretan eskutik helduta joan dira langile eta senideak. Hala ikusi zen Basauriko Bizkotzalde egoitzaren aurrean senideekin batera egindako elkarretaratzean.
ELAk mobilizazio berriak egingo ditu gaur egungo dekretua bertan behera utzi dezaten exijitzeko.