EHU ERREKTORETZA
ELAk errektoretza talde berriari bilera eskatu dio negoziazioa eman dadin

EHUko irakasle eta ikertzaile talde batek osatutako plataformak bere buruari jarritako helburua bete du. Plataformak, bere azken komunikatuan 1000 sinadura baino gehiago bilduta, sindikatuei, errektoretza talde berriari eta Eusko Jaurlaritzari dei egin die eskaera honi behingoz hel diezaioten. ELAk uste du errebindikazio honen aldeko apostua berresteko arrazoi sakonak daudela.
ELA sindikatuak urteetan salatu du unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen egoera prekarioa dela: UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen soldata sistema ez da bideragarria bizitza-proiektu bat aurrera eramateko, soldatak baxuak dira eta urte asko pasa behar dira langile hauek soldata egonkor eta duin bat izateko.
Oinarrizko soldatak baxuak dira; euskal funtzio publikoko pareko maila edo kategorietako langileen soldatekiko arrakala, batez beste, %73koa da. Gainerako langile-publikoek bezalaxe, %20ko eros-ahalmenaren galera metatua dugu. Gogora dezagun soldata-egitura eta soldata-igoerak erabakitzeko eskuduntza EAErena dela.
Oinarrizko soldatak duintzeko tresna moduan sortu zen osagarri sistemak, egituratuta dagoen moduan, ez du sortu zeneko helburua betetzen; ez dira osagarrien zenbatekoak eguneratu, genero arrakalan sakontzen du eta tarteak eskuratzeko baldintzak gero eta zailagoak dira.
Honen guztiaren erroko arazoetako bat inbertsio publikoaren beherakada da; azken hamarkadan ematen ari den azpifinantziazioak Europako azken muturrean jartzen gaitu; murrizketa-politikak muturreraino eraman dira, osagarriak eguneratu ez izana honen adibide garbia da.
Honengatik guztiarengatik:
- Oinarrizko soldata duinak negoziatu behar dira, karrera profesionalak baldintza duinak bermatu behar ditu hasieratik. Osagarrien sistema eraldatu beharra dago.
- KPIa bermatu beharra dago; galdutako eros-ahalmenaren berreskurapena negoziatu eta hurrengo urteetako igoerak bermatu behar dira.
- Azpifinantziazioarekin amaiatu behar da; BPGaren %1era iristeko pausoak negoziatu behar dira
ELAk errektoretza talde berriari bilera eskatu dio eta kanpaina bat abian jarriko du soldatak duintzeko borrokari eutsiz.