BEHIN-BEHINEKOTASUNA (SEKTORE PUBLIKOA)

ELAk exijitu du Estatuak ezartzen dituen birjarpen-tasekin amaitzeko

2025/10/09
ELAk eskatu du Hego Euskal Herrian dauden 77.000 behin-behinekoen enplegua kontsolidatu ahal izateko beharrezkoak diren lege-aldaketak egiteko.

EBko abokatu nagusiaren irizpenak, sektore publikoko behin-behinekotasunari buruzkoa, agerian uzten du, beste behin ere, ELAk urteak daramatzana salatzen: 

  • Indarrean dagoen legedia (Estatukoa, zein Autonomi Erkidegokoa) ez duela ezer bermatzen sektore publikoko milaka behin-behineko langileentzat. Langile hauek urteak daramatzate aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera jasaten. Irtenbidea plantilla horiek kontsolidatzea eta egoera hori etorkizunean berriro errepikatu ez dadin neurriak artikulatzea izan behar da.

  • Europako Auzitegiek ez dutela langile horien finkotasun automatikoa erabakiko. Horregatik, ELAk uste du ezinbestekoa dela mobilizatzen jarraitzea beharrezko lege-aldaketak egin daitezen. Hego Euskal Herriko sektore publikoko 77.000 aldi baterako langile publikoen kontsolidazioa bermatu behar da. Helburua izan behar da sektore publikoan aldi baterako langile gisa urte luzeak daramatzatenak beren enplegua kontsolidatu ahal izatea. Irizpenak atea irekitzen dio finkotasuna izan dadin hartu beharreko neurrietako bat, baina auzitegien esku uzten du, eta azken urteotan epai ugari eman dituzte kontrako norabidean.

  • Testuinguru horretan, ELAk berretsi du sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa altuekin amaitzeko (EAEk eta Nafarroak Europako behin-behinekotasun-tasarik altuena daukate), sektore pribatuaren hirukoitza den tasa horrekin bukatzeko, beharrezkoa dela Euskal Herrian sektore publikoaren enplegua erabakitzea. Madrilek urtez urte ezartzen dituen birjarpen-tasak EPE batean eskain daitezkeen plaza kopurua mugatzen dute, eta autogobernuari betoa jartzea diote, EAko eta Nafarroako eskumen bat ezabatzen baitute. Lehendakariak eskumen berrien transferentzia lortu dituela adierazten duen arren, ez du ezer esaten EPE batean erizaintzako edo suhiltzaileko zenbat plaza eskain ditzakegun erabakitzeko eskumenaz.

    Egun, Hego Euskal Herrian, 77.000 behin-behineko baino gehiago daude. Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen propagandatik haratago, batez besteko tasa %44 da EAEn eta %47 Nafarroan. Tasa horrek sektore pribatuarena hirukoizten du, eta Osakidetza eta Osasunbidea bezalako sektoreetan langileen erdiari baino gehiagori eragiten dio.

Azken urteotan, EAE eta Nafarroako gobernuek eta erakundeek Madrilen betoaz baliatu dira enplegu publikoa prekarizatzeko eta suntsitzeko, baina behin-behinekotasunari aurre egiteko tresnak izan dituztenean ere ez dituzte erabili. Hala gertatu zen Iceta Legearekin. Mobilizazioak eta grebak eragindako presioaren ondorioz, PSOEk eta EAJk sinatutako Inbestidura Akordioak EAEn eta Nafarroan birjarpen-tasa ezabatzeko aukera jasotzen zuen. Bide horretan ez da aurrerapausurik eman.