ELAk Estatuko Gobernuari eskatu dio berehala ken dezala funtzionario interinoen kontratazioari buruzko aldaketa-proposamena
Maiatzaren 24an, astelehena, Administrazio Publikoetako Negoziazio Mahai Orokorraren bileraren ondoren, Gobernuak testu bat helarazi zuen, EPOEren 10. artikulua aldatuta (bertan garatzen dira langile interinoek kargua uzteko definizioa, tipologia eta arrazoiak). ELAk, testua aztertu ondoren, honako irakurketa eta proposamen hau helarazi dio idatziz Espainiako Gobernuari:
ELAk uko egin dio Gobernuak planteatutako negoziazioa partzializatzeko formulari. Gure ustez, Gobernu honen erabaki politikoek, besteak beste, eragin duten behin-behinekotasun handiaren ondorioei eman beharreko erantzunak globala izan behar du. Ezin da premiazkoena utzi eta ez da utzi behar beste negoziazio baterako. Ezinbestekoa da behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten milaka langileei irtenbide egokia bilatzea.
EPOEren 10. artikulua aldatzeari buruz:
- Gobernuak aurkeztutako proposamenak ez du saihesten etorkizunean aldi baterako kontratazioaren/bitarteko izendapenaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera errepikatzea. Aitzitik, are kronikoagoa izan daiteke sektore publikoaren behin-behinekotasuna, enplegu publikoa gehiago suntsitzeko atea irekitzeaz gain, eta kasu askotan, segur aski, pribatizatu aurretik.
- Era berean, ez du bermatzen aldi baterako langileek de facto betetzen dituzten baina formalki sortu ez dituzten milaka lanpostuen sorrera formala eta egiturazkoa, nahiz eta premia iraunkor eta egiturazkoei erantzun.
Horrenbestez, ELAk EPOE aldatzeko proposamena berehala kentzeko eskatu du, eta enplegu publikoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emango dion negoziazio globalari ekiteko.
Horretarako, ELAk joan den martxoan Miquel Iceta Administrazio Publikoetako ministroari helarazi zion proposamena aurkeztu du berriro:
- Estatuak ezarritako birjarpen-tasak kentzea, enplegu publikoaren suntsipenarekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta pribatizatutako zerbitzu publikoak lehengoratzeko. Gure herrialdean zerbitzu publiko hobeak eskaintzeko plantillen zein hornidura eta neurri behar ditugun erabaki ahal izatea eskatzen dugu.
- EPOE berehala aldatu behar da, Hego Euskal Herriko administrazio publiko guztietan enplegua finkatzeko prozesu bermatzaileak egin ahal izateko oztopo guztiak ken daitezen, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 70.000 langile publikok baino gehiagok (EAE eta Nafarroa) enplegua berma dezaten.
- Kontsolidazio-prozesu bermatzaile horiek egiten ez dituzten administrazioentzako zehapen-formulak sartzea.
- Disuasio- eta zehapen-elementu eta mekanismo erreal eta eraginkorrak sartzea, erakundeek eta administrazioek aldi baterako kontratazioen eta bitarteko izendapenen gehiegizko erabilera berriz egin ez dezaten. Modu horretan bakarrik bermatu ahal izango da enplegu publikoaren behin-behinekotasun- eta prekarietate-tasa horiek berriro ez errepikatzea.