Demanda jarri diote Espainiako Gobernuari eta CCOO, UGT eta CSIFri negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik
ELA eta CIG sindikatuek errekurtsoa aurkeztu dute Audientzia Nazionalean Espainiako Gobernuaren eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen kontra. Izan ere, abenduko estatuko administrazio publikoen mahai orokorraren aurretik eta bertatik at, Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek adostu zuten langile publikoen soldata igoera. Gai hori aipatutako mahaian negoziatu behar dela dio enplegu publikoaren oinarrizko legeak. Eta beraz, aurretik adostu izanak legea urratzen duela uste dute Euskal Herriko eta Galiziako sindikatu nagusiek.
Gogora dezagun abenduaren 1ean, Madrilen Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorreko bilera egin zela. Bertan parte hartu zuten ELAk eta CIGak, estatuko beste sindikatuekin eta gobernuetako nahiz erkidegoetako ordezkariekin. Bada, aurreko egunetan Espainiako Gobernuak eta aipatutako sindikatuek adostutakoaren berri eman zuten, hau da, ez zen negoziatu, legeak hala egin behar dela adierazi arren. Horrek suposatzen du milaka langile publikoren negoziazio kolektiborako eskubidea eta askatasun sindikala urratzea. Horregatik erabaki dute ELAk eta CIGak, Euskal Herriko eta Galizako sindikatu nagusiek, epaitegietara jotzea, salatzeko ELAren eta CIGaren eta Euskal Herriko eta Galiziako langileen eskubidea urratu dela, eta jarrera hori albora dezatela.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta udal zein foru aldundiek gisa horretako akordioa, autogobernua higatu eta langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratu arren. Horregatik, Euskal Herriko erakundeei eskatzen diete beraien langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko urratsak egin ditzatela.
Gainera, astelehenean, abenduaren 22an, ez ohiko mahai orokorrak deitu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Gai ordenetan Madrilen Espainiako Gobernuak eta Espainiako sindikatuek sinatutako akordioaren aplikazioa jaso dute biek. Eudelek ere akordioa aplikatzeko jarraibidea eman die udalei. Ondorioz, 2025-2028rako adostutako soldata igoerak aplikatu nahi dira, eta beraz, langileen erosahalmena galduko da berriro ere: 2010etik %20ko galera metatu dute, behin-behinekotasuna %40 baino handiagoa denean.
ELAk Euskal Herriko erakundeei eskatzen die akordio horren edukiak gainditu ditzatela, autogobernua hitzetatik praktikara eraman dezatela eta euskal langile publikoen soldatak, enplegua eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko hautua egin dezatela hurrengo mahaietan eta aurrekontuetan.