ELAk euskal instituzioei exijitu die berehala hasi daitezela ordaintzen soldataren % 100a baja egoeretan

2018/07/11
Gaur egun ez dago inolako aitzakiarik Eusko Jaurlaritzak ez diezaien soldata osoa ordaindu baja egoeran dauden euskal langile publikoei. Beraz, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta soldata txikiagoa ordaintzen duten erakundeei exijitu die bere onera ekar dezatela murriztutako eskubide hori; Jaurlaritza 2011tik ari da politika honekin.

ELAk gogora ekarri nahi du administrazio askotan soldataren % 100a ordaintzeko formulak bilatu zirela; aitzitik, orain arte Urkullu Lehendakariaren gobernuak eta udal batzuek estatuko arauak aipatu izan dituzte bajak irauten duen artean langileei soldata osoa ez ordaintzeko. Ondorioz, orain oztopo legalik ez dagoenez, Jaurlaritzak eta udal horiek berehala aitortu behar diete eskubide hori langile publikoei.

Hala ez balitz, agerian geratuko litzateke Jaurlaritzak ez daukala inolako borondaterik azken urteetan ezarritako murrizketak bertan behera uzteko.

Azkenik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta gainerako administrazioei eskatu die benetako negoziazioa has dezatela, hainbat gaitan akordioak posible izan daitezen, esaterako enpleguan. EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren azken txostenaren arabera, arlo publikoan aldi baterako enplegu tasa %34,6koa izan zen, hots, arlo pribatuan baino 10 puntu gehiago. Aldi baterako enplegua eta prekaritatea desagerrarazi egin behar dira arlo publikoan; horretarako milaka langileren egoera finkatu behar da, suntsitutako enplegua berreskuratu, eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko behar beste lanpostu sortu. Gainera, badira konpondu beharreko beste arazo batzuk ere: galdutako eros-ahalmena berreskuratzea (%15etik gorakoa izan da); Itzarrirako ekarpenak berrezarri, dagoeneko finkatuta dauden portzentajeetan, eta moztutako beste lan-baldintzen berreskurapena (erretiro-saria, karrera edo garapen profesionala, etab.).