ELAk euskal irrati telebista publikoaren enplegu-egoera iraultzeko proposamen zehatza eskatu dio EITBko zuzendariari

2021/03/30
ELAk EITBko enpleguaren arazo estrukturalari behingoz irtenbidea emango dion proposamen zehatza eskatu dio zuzendariari Administrazio Kontseiluan. Izan ere, Aldekoak, bere karguaz jabetu zenean, hainbat bilera deitu zituen azaroan zehar zuzendaritzaren asmoen berri emateko, besteak beste, enpleguaren egoera konpontzea.

 

ELA bat dator EITBko zuzendariarekin: egiturazko arazoa konpondu behar da. Hala ere, aurreko Administrazio Kontseiluan, enpresaren organigrama berria aurkeztu eta zuzendaritza-karguen izendapenen berri eman ondoren, gai hori gai-zerrendatik desagertu izana deitoratu du.
Sindikatuak gogorarazi du EITB dela enplegu-erregulazioko espedientea egin duen EAEko sektore publikoko lehen enpresa – 2015ean izan zen, eta 30 pertsona kaleratu zituen Radio Euskadin, Euskadi Irratian eta Radio Vitorian –, aldi baterako kontratuekin, azpikontratatuekin eta abarrekin dauden langile guztiak ahaztu gabe. Aurrekoaren harira, sindikatu gehienek greba deitu dute zerbitzu publikoetan, EITBn barne, apirilaren 22an, enpleguaren egoera salatzeko eta konponbidea eskatzeko.

Sindikatuak berretsi du konponbidea argia dela: euskal irrati telebista publikoaren behar estrukturalei erantzuten dieten lanpostu guztiak betetzea, dauden langileak finkatzea eta orain pribatizatuta eta azpikontratatuta dauden zerbitzu propioak berreskuratzea, dauden langileen subrogazioa ziurtatuz eta berriro gerta ez dadin neurriak hartuz. Horretarako, EITBko zuzendariari eskatu dio Administrazio Kontseiluari aurkez diezaiola proposamen zehatz bat egoera hori iraultzeko, beti ere, sindikatuekin adostutakoa.

Ibone Bengoetxearen izendapena

ELAren ustez, EITBren ohiko opakotasuna apurtuko duen gardentasun ariketa bat ere egin beharko litzateke, Ibone Bengoetxearen izendapenarekin gertatu dena errepikatu ez dadin. Izan ere, Mediako zuzendari kargua hartuko duela iragarri du EITBko zuzendariak, eta, sindikatuak azpimarratu duenez, zuzendaritzaren organigrama argitaratu zenean ez zuten horren berri eman.

Apenas emakumerik zuzendaritzan

Bestetik, sindikatuak erakunde publikoari adierazi dio kezkatuta dagoela euskal irrati publikoan oso emakume gutxi dagoelako goi karguetan. ELAk, LABek, CCOOk eta ESK bildutako datuei erreparatuta, 2020ko abenduko erroldaren arabera, emakumeak langileen % 47 ziren eta erredakzioaren ia % 52; hala ere, orduan % 25ek bakarrik betetzen zuten postu bat zuzendaritza taldean. 2021eko datuei erreparatuz gero, irratian lan egiten duten emakumeen kopurua ez da aldatu, baina orain emakumeak zuzendaritza-postuen% 7 baino ez dira, eta, gainera, karguetan garrantzia galdu dute.

Hala, datuek erakusten dutenez, gehienak gizonak diren kolektibo profesionaletan, zuzendaritza, gehienbat, gizonek osatzen dute; hala ere, emakumeen kasuan, gehiengoa ez da kontuan hartzen goi karguak hautatzerakoan. "Euskal irrati publikoaren mezua da emakumeak ez direla edo ez daudela behar bezain jantzita zuzendaritzako karguak betetzeko", deitoratu du ELAk.

Aurrekoaren harira, gizon eta emakumeen berdintasunari dagokionez EITBk erakutsi duen koherentzia falta salatu du. “Ondo dago kontzientziazio kanpainak egitea edota M8rako programazio berezia prestatzea, baina hori ez da nahikoa. Zaintzak konpartitzeaz gain, emakumeek boterea ere partekatu nahi dute; erabakitzeko, antolatzeko eta eragiteko boterea, hain zuzen ere. Eta zuzendaritzak botere guneetara heltzeko eskubidea ukatu die”, laburbildu du.