ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Espetxe Sistema gizatiarrago eta publikoaren alde egin dezala

2021/09/08
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Espetxe Sistema gizatiarrago eta publikoaren alde egin dezala
Espetxe eskumenaren esku aldatzeak eragingo dien langileen lan baldintzak negoziatzeko mahaia bildu da gaur. Horren atariko, ELAk kontzentrazioa egin du Lakuan negoziazioen norabidearekin desasdostasuna adierazteko.

ELAk uste du espetxeratutakoen gizarteratzea helburu duen eredua behar duela Euskal Herriak, publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa izango dena, eta
integratu eta uztartu dituenak hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak; baita presoen eskubide guztiak errespetatuko dituena ere, emakume presoei bereziki arreta ipiniz, eta langileen lan baldintza duinak bermatuko dituena. "Gezurra dirudien arren, eta 40 urte pasa eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez du erakutsi oraindik zein izango den bere Espetxe Eskema Korporatiboa eta horrek langileengan zein gizartean kezka larria eragiten du", kexu da sindikatua.

"Oraindik ez dakigu zein den Eusko Jaurlaritzaren proposamena langile horiek Euskal Autonomi Erkidegoko administrazioan integratzeko eta zeintzuk izango diren euren lan baldintzak. Soldatak zehaztu gabe daude eta ordutegien gaian ez da kontuan hartzen kolektiboak dauzkan berezitasunak". 

Langileen beharra aztertuko dituen benetako analisia falta dela uste du ELAk, eta Lan Postuen Zerrenda egokitu gabe dagoela nabarmendu du; egungoa Zaballa bezalako espetxe bati erantzuteko egokitu gabekoa da. "Ezin da pribatizazioa eta subkontratazioa saihestuko ez dituen ereduaren alde egin". ELAk defenditzen du espetxeetako langileak publikoak izan behar dutela, pribatizatu gabekoak.

Era berean, oso kezkagarritzat jo du Eusko Jaurlaritzak behin-behineko langileentzako lan poltsak eratzeko erakutsi duen asmoa, oraindik EPErik zehaztu gabe. "Ez da posible benetako Euskal Espetxe Sistema eratzea langileentzako karrera profesional bat zehaztu gabe. Horrek euskal administrazioak dauzkan gaitzarik nagusienetako bat, hots, behin-behinekotasuna, handitzea ekarriko luke, Europar Komisioak erakutsitako bidean kontrako norabidea hartuz. Eusko Jaurlaritzaren proposamenean gabezia larriak daude: Lan Osasuna eta Segurtasuna bermatzen dituen plangintza zehatza falta da espetxeetako langileentzat, eta plantillaren egoera kontuan hartuko duen euskalduntzeko plana falta da", azpimarratu du.

Horregatik, ELAk kezka erakutsi du Eusko Jaurlaritzak hartutako bidearen aurrean negoziazio hauetan, eta benetako espetxe sistema demokratikoa, gizatiarragoa, euskalduna, modernoa, kalitatezkoa eta publikoa eratzeko aukera hau galtzeko arriskuagatik.