ELAk exijitu die Urkulluren eta Barkosen gobernuei autogobernuari eutsi eta bete dezatela langile publikoen soldata igotzeko eman zuten hitza

2018/01/02
ELAk galdegin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, baita gainerako euskal administrazioei ere, autogobernuari eutsi eta bete dezatela eman zuten hitza, hots, 2018rako langile publikoen soldata igoko zutela; bi gobernuek igoera eskasa iragarri zuten, %1,5ekoa, PPren gobernuaren ildoari jarraiki. Erabaki honekin, 2010etik hona, guztira, %15etik gorako eroste ahalmena galdu da.

Gauza jakina da Estatuak bere funtzionarioei ez diela soldatarik igoko, Aurrekontu Orokorrak ez direla onartu argudiatuta; bada, Urkulluren eta Barkosen gobernuek ere gauza bera egingo dute, EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan dagoeneko milaka langileren soldata eguneratzeko %1,5eko sailak erabakita dauden arren.

EAEn murrizketa honek agerian utzi du berriz ere, Urkullu Lehendakariak urte amaierako hitzaldian kalitatezko enpleguaren alde egin bazuen ere, kontrakoa gauzatu duela, alegia, bi egun baino igaro ez direnean, gobernuak bere langile guztien soldata izoztea erabaki du. Halaber, kalitatezko enpleguaren aldeko ustezko jarrera zinismo hutsa da, EAEko administrazioetan aldi baterako enplegua %35etik gorakoa denean. Lehendakariak aldarrikatzen duena ez du bete nahi bere zuzeneko ardurapean dauden eremuetan; aitzitik, hauetan soldatak beherantz doaz eta enplegua prekarioa da.

Nafarroan, berriz, poza nagusi zen Estatuarekin hitzarmen ekonomikoa berrituko zela jakin zenean. Horrek, ordea, ez du zerikusirik soldata izozteko erabaki honekin. Izan ere, edozein dela ere Nafarroak Montororekin negoziatu ondoren jasotzen duen kopurua, herritarrek ez dute hobekuntzarik somatuko; hasteko, milaka langile publiko nafarrek.

Bi kasuetan argi geratu da Estatuarekiko aldebikotasuna ezinezkoa dela; Madrilek murrizketak etengabe inposatzen ditu, eta euskal erakundeek horren aurka ez dute txintik esaten.