ARABAKO FORU SUHILTZAILEAK

ELAk exijitu du negoziatzen jarraitzeko hitzordu berri bat

2024/07/18
Arabako suhiltzaileen langileek manifestazioa egin dute Gasteizko kaleetan, ELAk eta LABek deituta abuztuaren 4ra arte egiten ari diren greba eta mobilizazio dinamikaren barruan. Plantilla handitzea, lan hitzarmen berri bat eta inposaketak bertan behera uztea aldarrikatzen dute.

Arabako Foru suhiltzaileak greban daude abuztuaren 4ra arte, eta gaur Gasteizen mobilizatu dira hitzarmen berri bat aldarrikatzeko, besteak beste. Izan ere, zortzi urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta egoera horretan dagoen EAEko zerbitzu bakarra da. Langileek Foru Aldundiko plantillaren baldintza berberak aplikatzea eskatu dute.

Gainera, langile kopurua handitzea beharrezkoa dela iritzi dute: pertsona bat gehiago parke eta txanda bakoitzeko, langileen zein herritarren segurtasuna bermatzeko. Gogorarazi dute sei suhiltzaile baino gutxiago aritzen direla lehen 20 minutuetan esku hartze batean, eta modu esponentzialean murrizten dela langileen segurtasuna eta artatzearen kalitatea. Eraginkortasun eta segurtasun jaitsiera hori kritikoa da 4 suhiltzaile baino gutxiago aritzen direnean. Aldundiak berak, gaur egun suhiltzaile zerbitzuko agintari nagusiak diren guardiako buruek sinatutako txosten tekniko bat du, eskaera hori argudiatuz. Azterlan horrek berak eskatzen du, halaber, bitarteko agintariak egotea esku-hartzeak hobeto antolatzeko eta suhiltzaileen buru bat behar dela (lanpostu estrategiko hori hutsik dago 3 urte luzez).

Plantillak, halaber, inposaketak bertan behera uzteko eskatzen du, hala nola udan errefortzuko ordu etxraarruntak egiteko agindua, negoziatzeko aukerarik gabe eta ordainik eman gabe prestasuna eskatu zaielako. Langileek salatu dute erabaki horrek eragina duela familia-kontziliazioan. Zuzendaritzak egindako kudeaketa salatu dute, "urteak baitaramatza ezohiko egoeretarako neurriak erabiltzen, zerbitzuaren egiturazko beharrak asetzeko".

Sektoreko langileak kexu dira zuzendaritzak ez duelako negoziatzeko borondaterik erakusten, eta defendatzen dute estrategia bat dagoela egoera (lan-hitzarmenik eza, gutxieneko zuzkidura eskasak, negoziaziorik eza) betikotzeko. Azken negoziazio mahaia ekainaren 17an egin zen, eta uztailaren erdialdean finkatu zen hurrengo deialdia. Gaur egun, bilerarako data berri baten zain jarraitzen dute.