GIPUZKOAKO ESKU-HARTZE SOZIALA

ELAk ez du hitzarmena sinatu, edukiak eskasak direlako

2024/02/15
Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko IV. Hitzarmen Kolektiboa sinatzeko akordio batera iritsi dira Hedatzen patronala eta LAB eta CCOO sindikatuak. ELAk, sektoreko %42ko ordezkaritzarekin, edukiak eskasa direla uste du, eta sindikatuen artean adostutako gutxienekoak ez direla bete. Horregatik erabaki du akordioa ez onartzea. Hedatzen patronala prest zegoen KPIa eta kategoria prekarioena ezabatzeko, baina atzera bota zuen ondoren proposamena. Hala ere, LABek eta CCOOk ontzat eman dute

Zehazki, Hedatzen patronalak abenduan eskaini zuen KPIa bermatzea eta bosgarren talde profesionala ezabatzea, kategoriarik prekarizatuena. Sindikatuon ordezkariak ados ginen proposamenarekin. Hurrengo bileran, ordea, atzera bota zuen proposamena, eta patronalak argudiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuela abalatzen. ELA ez da azpijoko horretan sartuko, mahaian patronala eta alderdi soziala baitira akordioa negoziatu eta adostu behar dutenak. Egoera ikusita, ELAko langileek erabaki zuten patronalaren atzerapausoak ez onartzea.

LAB eta CCOOk sindikatuek, ordea, atzerapauso horiek onartu dituzte Hedatzenekin sinatutako akordioarekin. Alde batetik, ez da KPIa urterik urte bermatzen, eta 2023tik lanean ari denak, esaterako, erosahalmena galduko du. Bestetik, apurtzen du sindikatu guztiontzat marra gorri bat zen adostasuna: bosgarren talde profesionala edo kategoria ezabatzea, sektoreko talde feminizatuenaren prekarietatearekin amaitzeko lehen urratsa zelako. Bada hori ere ez da ezabatu hitzarmenean.

Hori gutxi ez, eta salbuespeneko ekoizpen egoerek eragindako behin-behineko kontratua 12 hilabeteetarako egitea ahalbidetzen du hitzarmenak (aurreko hitzarmenetan kontratu mota hori egiteko epea 10 hilabetetik 6 hilabetera murriztu zen). Gainera, aurreko hitzarmenean galdutako zenbait eskubide ez dira berreskuratu, hala nola, soldata taulen gainetik zeuden langileei hala mantentzeko bermea.

Gogora dezagun iaz hiru sindikatuek plataforma bateratua adostu zutela, honako eskaerekin: KPI+ %2ko igoera, jardunaldi murrizketa 1570 ordura edota ITak 12 hilabetera arte osatzea, besteak beste. Hitzarmenak ez du plataforma horretan jasotakoa bere egiten, eta negoziazioa ikusirik, ELAk ez du hitzarmena ontzat emango.