ELAk Fiskaltzari eta Arartekoari eskatu die bilera Osakidetzan mediku espezialisten hautaketa sisteman dagoen ustelkeriari heltzeko

2018/07/26
ELAtik askotan salatu dugu EPE honetako azterketa askotan gertaturikoa ez dela izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Hala ere, Osakidetzak ez du batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketatan gertaturikoa zorrozki ikertzeko, ezta EPE horretan gertaturikoa ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko ere. ELAk Fiskaltzari eta Arartekoari bilera eskatu die zerbitzu hauetan egindako ikerketaren inguruan hitz egiteko, eta baita mediku espezialisten hautaketa sisteman dagoen ustelkeria sistematikoari heltzeko.

ELAtik askotan salatu dugu EPE honetako azterketa askotan gertaturikoa ez dela izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburu jakin batzuk daude eta hori Osakidetzako zuzendaritzaren babes guztiarekin. Horiek dira benetan kontrolatzen dutenak nor ariko den haietako bakoitzaren zerbitzuan, bai aldi baterako kontrataziopean, bai mugagabekoan, behin EPEa gainditu ondoren. Hori horrela izanik, enplegu publikoan aintzat hartu behar diren printzipioak ez dira aintzat hartzen, zerbitzuaren kalitatearen kaltetan eta guzti hori egiten da sistema ustel baten parte bat bezala.

Hala ere, Osakidetzak, ez du batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketetan gertaturikoaz zorrozki ikertzeko, ezta EPE horretan gertaturikoa ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko ere. Darpon Jaunak pasa den astean Lebegiltzarrean egindako agerraldia horren adibide garbia da: filtrazioak ukatzen jarraitzen dute eta horrez gain, gertatutakoa salatu duten oposiziogileak kriminalizatu nahi dituzte.

Uztailaren 13an egindako ikerketa bat egin genuen publiko, non ikus daiteken halako errealitateak denboran zehar errepikatu egin direla bai behin-behineko kontratazioan, bai OPEetan ere.

Nahikoa da mediku espezialistak lanean ari diren zerbitzuetako plantillak aztertzea berehala konturatzeko plantilla horien errealitatea ez datorrela bat logikarekin edo estatistikarekin. Zerbitzu askotan bertako plantillaren zati handi bat hor ari izan da lanean beti, beste inondik edo inora aldatu barik, Osakidetzan MIR prestakuntza hasi zutenetik plaza lortu arte, eta gero plaza hori zerbitzu horretan bertan lortu dute kasualitatez edo. Hizpide ditugun profesionalek MIR azterketa egin ostean zerbitzu batean hasi zuten prestakuntza, eta prestakuntza amaitu eta gero aldi baterako kontratatu zituzten beti zerbitzu beretan, eta azkenean EPE bidez plaza lortu zutenean, aipaturiko zerbitzuan lortu zuten. Txiripazko segida hori hainbatetan errepikatu da denboran zehar.

Eta horren adibide moduan 20 zerbitzu ekarri ditugu hona:

1.- Nefrologia, Basurtuko Ospitalea.   

2.- Anestesiologia, Basurtuko Ospitalea.

3.- Larrialdiak, Basurtuko Ospitalea.

4.- Kardiologia, Basurtuko Ospitalea.

5.- Endokrinologia, Basurtuko Ospitalea.

6.- Traumatologia, Basurtuko Ospitalea.

7.- ZIU, Gurutzetako Ospitalea.

8.- Kardiologia, Gurutzetako Ospitalea.

9.- Larrialdiak, Gurutzetako Ospitalea.

10.- Neurologia, Galdakaoko Ospitalea.

11.- Urologia, Galdakaoko Ospitalea.

12.- Transfusioen Euskal Zentroa.

13.- ZIU, Donostiako Ospitalea.

14.- Traumatologia, Donostiako Ospitalea.

15.- Anestesiologia, Donostiako Ospitalea.

16.- Anestesiologia, Txagorritxu Osp.

17.- Kardiologia, Txagorritxu Ospitalea.

18.- Larrialdiak, Txagorritxu Ospitalea.

19.- Erradioterapia, Txagorritxu Ospitalea.

20.- ZIU, Txagorritxu Ospitalea.

Guzti horrez gain, kontutan hartu behar dugu Osakidetzan daukagun behin-behinekotasun tasa izugarria (%38a). Tasa horrek deskribatutako egoera larritu egiten du. Osakidetzako langileek urte askotan zehar egin behar dute lan Osakidetzan behin-behineko bezala lanpostu finko bat lortzeko aukera izan arte. Horri lotuta, azpimarratu behar dugu langileek jasan behar dute mugikortasun oso handia: kategoria guztietako langileek behin-behineko kontratu ezberdinen bitartez, lan egiten dute hainbat zerbitzu eta lan zentroetan lanpostu finko bat lortzen duten arte. Hori horrela izanda, medikuen egonkortasuna, zerbitzu eta lan zentro berdinean, harritzeko modukoa da.

Osakidetzak, gure salaketekin betidanik egin izan duen bezala, ez dio kasurik egin ikerketa honi.

Guzti honen aurrean, ekainaren 5ean EAEko Fiskaltza Gorenari eskatu genion EPE honetan gertatutakoa ikertu zezala.

Baina esan bezala, OPEa sistema ustel horren zati bat besterik ez da. Eta sistema hori osorik ikertu eta garbitu behar da.

Horregatik, Fiskaltzari eta Arartekoari bilera eskatu egin diegu 20 zerbitzu hauetan egindako ikerketaren inguruan hitz egiteko eta baita mediku espezialisten hautaketa sisteman dagoen ustelkeria sistematikoari heltzeko.

Sistema hori bukatu egin behar da berehala eta dagozkion erantzukizun guztiak galdatu behar dira, bai politikoak, bai penalak, halakorik egotekotan.