ELAk funtsezko zerbitzua eskaintzen duen Bizkaibus berrantolatzeko eskatzen du kalitatezko zerbitzua eman dezan

2020/06/30
ELAk salatu du ez dagoela protokolorik zerbitzua egoera berrira egokitzeko, edukierari eta distantziei dagokienez. Gainera, Aldundia eta azpikontratak murrizketak egiten ari dira garbitasunaren arloan. Bestalde, garraioko diputatuari bilerak egiteko eskatu arren, ez du orain arte erantzun.

Pandemia hasi zenetik, agerian geratu da funtsezko garraio-zerbitzu hori, Bizkaibus, enpresa pribatu batzuen esku dagoela, eta azpikontrata horiek etekinak eurrez lortzen dituztela urtero diru-kutxa publikoetatik. Testuinguru horretan, azpikontrata horiek ez dute zalantzarik izan langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bigarren mailan jartzeko. Langileen kasuan, haiek azpimarratu behar izan dute gelak eta maskarak eduki behar direla, baita aurreko sarbidea desgaitu behar dela ere; eta orain, aurreko atea berriz ireki behar bada, isolamendu-sistemak instalatzeko eskatu behar izan dute. Enpresek, aldiz, NBE/EPIak ahal diren gutxienak banatu dituzte, eskuak garbitzeko likidoa ere zikoizkeriaz eskaini dute eta lanpostua garbitu gabe utzi dute. Eta Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, egunean zehar hainbat aldiz egiten zen desinfekzioa kendu du, eta linea batzuetan gertatzen den masifikazioa erlatibizatzen du. Irailean masifikazio hori are nabariagoa izango da, eta segurtasun-distantzia ezin izango da gorde, eta beraz ez dugu izango COVIDaren transmisio-arriskua gutxiagotzeko desinfekzio-zerbitzurik.

 

Mozkin ugariak lortzen dituzten enpresek kudeatzen dute Bizkaibus, eta mozkin horiek Bizkaiko herritarrei zerbitzu hobea ematera bideratu beharko lirateke. Bizkaibuseko loteen artean bakar bat kudeatzen du Euskotrenek, kudeaketa-ereduaren aurretik doan sozietate publiko horrek. Testuinguru horretan ELAk exijitzen dio administrazioari kontrol zehatzagoa egiteko, Bizkaibusera doazen aurrekontu-partiden gainean, espekulaziorik ez baimentzeko, eta oraingo egoera honetan enpresa multinazional horiek beren irabaziak ugaltzerik ez izateko. Hori gertatzen ari da, hain zuzen, Ezkerraldea-Meatzaldea Busa edo Busturialdea- LeaArtibai Busa daramatzaten enpresen kasuan, ALSA taldearen ardurapean. Horietan lanaldiaren zati bat kendu nahi diete langileei, baina aldi berean funts publiko guztiak jasotzen dituzte, irabaziak handitzeko helburu bakarrarekin.

 

ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzen dio, eta baita ere gehiago ez pribatizatzeko, ez Bizkaibus zerbitzua bera, ezta harekin loturiko jarduerak ere, esate baterako, tailerrak edo mantentze-lanak, funtsezkoak baitira zerbitzu horren segurtasunerako. Halaber, zerbitzu hori ematen duten enpresen gainean kontrol handiagoa eskatzen du; eta ahal den guztietan kudeaketa publikoa egitea, funtsezko zerbitzua baita.