ELAk Gasteiz eta Iruñeako Gobernuei eskatzen die gure egoera eta beharren araberako oposaketa ereduak eta lanpostu kopuruak deitzea

2018/01/17
Gaur Madrilen unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen estatuko negoziazio mahaia izan da. Aurrez izan diren bost bileren jarraipeneko mahaia izan da gaurkoa, gai nagusia behin behinekotasuna %8tik behera jaisteko jarraitu beharreko oposizio eredua izanik. ELAk gogor salatu du erkidego guztietan jarraitu beharreko oposizio eredua zein dei daitekeen lanpostu kopurua mahai honetan erabaki eta mugatzea, EAEko eta Nafarroako irakaskuntzako negoziazio mahaiak eta hauen negoziazio ahalmena arriskuan jartzen baititu.

Hezkuntza ministerioak ia itxitzat eman ditu behin behinekotasuna %8ra jaisteko oposizio eredua eta baldintzak. Honen baitan ez da bermatzen egun urte luzez behin behinekotasunean diharduten langileen kontsolidazioa. Oposizio faseko frogek izaera kanporatzailea izango dute, eta lehiaketa fasean lan egindako denborak izango duen pisua ez da nahikoa berme izango. Gehienez 10 urtez lan egindako denbora hartuko da kontuan ohiko 5 urteren ordez. Lan esperientziagatik lor daitekeen gehienezko puntuazioa 7koa izango da (orokorrean 5ekoa izan ohi denean), baina lan egindako urte bakoitzeko puntuazioa txikiagoa. Proposamen honek antzinakotasuna gehiago baloratzen duen arren, gobernuek hezkuntza zerbitzua emateko behin behineko moduan erabili dituzten milaka langileren lanpostuak airean uzten ditu.

Gaurko bileran hezkuntza ministerioak gaitegiak aldatzeko asmoa ere adierazi du, 2020tik aurrerako deialdietarako indarrean sartuko litzatekeen aldaketa. ELAri onartezina iruditzen zaio enplegua egonkortzeko izan beharko litzatekeen ez ohiko prozesu baten erdian gaitegiak aldatzeko aukera bera ere mahai gainean jartzea, eta hala adierazi du bileran.

Hezkuntza ministerioak erkidego autonomoen gehiengoaren babesa jaso izana erabili du bere planteamendua babesteko argudio gisa gaurko mahaian. ELAri guztiz onartezina iruditzen zaio Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua egotea planteamendu honi bere babesa eman diotenen artean, bereziki ikusirik zeintzu erkidegok babestu duten: soilik PPren agintepean daudenek eta Kanariar Gobernuak.

Halaber, ELAk gogor salatu du erkidego guztietan jarraitu beharreko oposizio eredua zein dei daitekeen lanpostu kopurua mahai honetan erabaki eta mugatzea, EAEko eta Nafarroako irakaskuntzako negoziazio mahaiak eta hauen negoziazio ahalmena arriskuan jartzen baititu. Hau negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren adibide garbia da.

Zentzu honetan, ELAri oso larria iruditzen zaio Gasteizko eta Iruñeako Gobernuek men egitea beraien hezkuntza eskumenak mugatzen dituen planteamendu honi. ELAk hezkuntza eskumenak babesteko deia luzatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari, bakoitzak bere behar eta egoeraren araberako oposizio eredua zein lanpostu kopurua deitzeko aukera izan dezan. Espainiar Gobernuak ezarritako eredua bere egiteak negoziazio kolektiboa estatuko markoen menpe uzten du, bertako langileen ordezkaritza mespretxatuz.

EAEn irakasle funtzionarioetan behin behinekotasuna %38koa da, eta Nafarroan %33koa. Askok beraien lanpostua egonkortzeko aukerarik ez dute izan, eta urte luzez behin behinekotasunean lan egitera kondenatuak eta Gobernuen aldetik erabiliak izan dira. Egoera honetara iritsi izana behin behinekotasunean oinarritutako enplegu eredu baten aldeko erabaki politiko baten isla da.

ELAren ustez ezinbestekoa da enplegu eredu horretatik aldendu eta plantilen egonkortasunean oinarrituko den enplegu eredu bat finkatzea. Horretarako, behin behinekotasuna %6ra jaisteko, egun urte luzez behin behinean diharduten langileen kontsolidazio prozesu bereziak eta etorkizunean behin behinekotasuna haztea ekidingo dituzten neurriak negoziatzea aldarrikatzen du EAEko eta Nafarroako hezkuntzako negoziazio-mahaietan.

Gaurko bileran ELAk, ordezkaritza gehien duen sindikatua izateagatik deitua izateko eskubidea izan arren, gai honen inguruan aurrez gauzatu diren mahaietara deitua ez izana salatu du eta gaia auzitegietara eramateko aukera eta komenigarritasuna aztertuko duela adierazi du.