ELAk Gasteizen EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko proiektua gaitzetsi du legebiltzarrean egindako agerraldian

2021/05/14
ELAren esanetan unibertsitate pribatu hori irekitzeak ez die erantzuten eskaintza akademiko unibertsitarioen inolako behar sozialei, baizik eta interes ekonomiko eta merkantilista hutsei. Proiektu honek ez du izateko arrazoirik ikuspegi akademikotik; izan ere, emango lituzkeen titulazio urriek nahikoa estaldura dute EAEko beste unibertsitate-zentro batzuetan gaur egun.

ELAk agerraldia egin du aste honetan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, EUNEIZ unibertsitate berria,  Baskonia-Alaves taldearen babespean, sortzeko proiektua baloratzeko.

Proiektuak UNIBASQ unibertsitate-akreditaziorako euskal agentziaren partetik jaso duen txosten negatiboa ere azpimarratzen dugu, eta horrek, berez, definitiboa izan beharko luke, dituen gabezia akademikoak agerian uzten baititu.

Deigarria da oso legebiltzar-talde batzuk presa handia izaten ari direla EUNEIZ proiektua onartzeko eta unibertsitateen legeria aldatu aurretik abian jartzeko; izan ere, lege horiek hutsetik sortuko diren Unibertsiatateen betekizunak areagotuko direlako.

ELAren ustez, EUNEIZ unibertsitate-proiektuak ez dio erantzuten kirolarekin, osasunarekin eta teknologia berriekin lotutako ikasketen gizarte-eskaerari; aitzitik, enpresa-talde jakin baten interes ekonomikoen aurrean egiten du.