ELAk greba deituko du Bizkaiko zahar etxeetan patronalak hitzarmena negoziatzeko urratsak egiten ez baditu

Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, ELAk ziurtatu du propaganda instituzionala handia bada ere -Aldundiak egoitza sistema pertsonalizatuagoa iragarri du, 25 egoiliarreko bizikidetza unitateekin- ezinezkoa dela kalitatezko zaintza eskaintzea ratioak eta langile kopurua handitu gabe. Izan ere, Bizkaiko egoitzetako ratioak Gipuzkoakoak baino txikiagoak dira. “Langile falta kezkagarria da, eta eskaintzen den zerbitzua ez da ona”. Negozioa pertsonen gainetik lehenesten duen eredua dela dio sindikatuak. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak oheak ituntzeko iragarritako ereduak patronalaren interesekin talka egiten duela gaineratu du; izan ere, patronala behartuta egongo litzateke bere instalazioak egokitzera, horrek eragingo liokeen gastuarekin.ELAk ziurtatu du patronala ez dagoela gastu hori bere gain hartzeko prest, eta langile eta pertsona egoiliarrak bahitu gisa erabiltzen ari dela sektoreko hitzarmenaren negoziazioan.
Sindikatuak ondorioztatu duenez, pandemiak agerian utzi du sektoreak gabezia larriak dituela, negozioa pertsonen gainetik lehenesten duen eredua dela, eta erakundeen propagandaz haratago ez dagoela benetako borondaterik diru publikoarekin pribatizatutako zaintza-eredu hau iraultzeko.