MAHAI OROKORRA SEKTORE PUBLIKOA
ELAk Jaurlaritzari eskatu dio gelditu dezala bere 100.000 langileen lan baldintzen inposizioa eta gainbeherara
ELAk elkarretaratzea egin du Lakuan, Gasteizen, EuskoJaurlaritzaren Mahaia Orokorra zegoelako gaurko deituta. Sindikatuak uste du bilera horrek balio behar zuela Jaurlaritzaren ardurapean dauden 100.000 langileen (Osakidetza, hezkuntza publikoa, Administrazio orokorra, Ertzaintza, justizia...) lan baldintzak sindikatuekin negoziatzeko; ez da, ordea, ezer negoziatu. Izan ere, Mahaia deitu orduko, Jaurlaritzak bazeukan onartuta, aldebakarrez eta aldez aurretik sindikatuekin negoziatu gabe, langile publikoen lan baldintzak arautzen dituen aurrekontu Lege proiektua. Hau da, Mahaia deitu du aurrekontuak aldatzeko aukerarik ez dagoenean; izan ere, dagoeneko Eusko Legebiltzarraren esku dago proiektua. Erabaki horren aurrean, ELAk demanda aurkeztu du askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.
Lan baldintzak aldebakarrez inposatzeaz gain, sindikatuak salatu du langileen lan baldintzak etorkizunean estatuko aurrekontuetan onartzen denaren menpe utzi dituztela. Izan ere, une honetan ari dira eztabaidatzen 2025eko Estatuko aurrekontuak. Ondorioz, bertan adostu daiteke EAEn edo Nafarroan bestelako soldata igoerak izatea eta aurreko urteetan lan baldintzak negoziatzeko ezarri dituen mugak kentzea. Are gehiago, hori da hain zuzen EAJren eta PSOEren artean inbestidura akordioan adostutakoa.
“Lehendakariak dio aurrekontuak zerbitzu publikoak indartzeko baliatuko dituela eta Estatutua betearaziko duela, baina ez du inolako borondaterik agertu langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko eta beste behin ere, Madrilen menpe utzi ditu”, kexu da sindikatua.
ELAk Eusko jaurlaritzari gogoratu dio lan baldintzen inposizio horrek ondorio larriak izan dituela azken urteetan, besteak beste, hitzarmenak 2010az geroztik berritu gabe egotea, erosahalmenaren galera % 18 gorakoa izatea eta 50.000 pertsona baino gehiago egotea, ia langileen erdia, behin-behinekotasun egoeran; Osakidetzaren kasuan, erdia baino gehiago. Sektore publikoko zenbait eremutan profesionalak falta dira, hein handi batean, lan baldintzak okertzearen ondorioz.
Gauzak horrela, Eusko jaurlaritzari eskatu behingoz har ditzala hartu beharreko erabaki politikoak lan baldintzen inposizioa eta gainbeherarekin amaitzeko eta soldata, enplegua eta lan baldintzak EAEn erabaki daitezen.
Honetaz gain, sindikatuak zenbait proposamen jarri ditu mahai gainean galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko, plantillak gazteberritzeko, plantillen osasuna bermatzeko, sektore publikoa euskalduntzeko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko.
Sindikatuak dio beharrezkoak izango direla mobilizazioak eta grebak Jaurlaritzak eskaera horiek aintzat hartzeko. Izan ere, eta ELAk gogorarazi duenez, iraganean aukera gutxi izan zirela negoziatzeko, baina izan ziren horiek grebei eta mobilizazioei esker lortu zirela.