ELAk Jon Darpon osasun sailburuaren kargugabetzea eskatu du

2018/06/12
EPEko zenbait azterketatan izan diren filtrazioen ondorioz, ELAk Jon Darpon Osasun Sailburuaren kargugabetzea eskatu du Osakidetzaren Bilboko egoitza aurrean egin duen elkarretaratze batean. Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunak salatu du Sailburuak ez duela behar bezala jokatu Osakidetzako EPEan irregulartasunak izan direla jakitean. Halaber, Igeregik gogoratu du Osakidetzako zuzendaritzak 100dik gora milioi ordaindu  behar dituela ELAren aldeko epai baten ondorioz.

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren EPEaren bidez kanpaina egiten duen bitartean, herri honetako osasun publikoko enplegu-egoera okertuz doa; eta beraz, gizarteari eskaintzen zaion arreta-kalitatea gero eta prekarioagoa da. Horrez gain, ezagutu ditugun datu guztiek adierazten dute espezialitate medikuetako EPEa ez dela behar bezain gardena izan, eta prozesuotan ezinbestekoa den aukera berdintasuna ere ez dela bermatu.

Horregatik, ELAtik gertatu dena ikertzea eskatu izan dugu, modu azkar, zorrotz eta independentean; sendagileen kategoria guztietako hautapen prozesua etetea eskatu dugu, eta Fiskaltzari eskatu diogu EPEaren azterketetan gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko (bai politikoak zein penalak).

Era berean, ELAk, berriz ere, bere burua eskaini du hainbat mediku espezialitateko zerbitzuburuek eratu duten lobbyari aurre egiteko. EPE honetako azterketa askotan gertatutakoa ez da gertakizun isolatu bat izan, baizik eta sistema ustel baten adibide bat besterik ez, eta sistema horren buruak hainbat mediku-zerbitzuburu dira.

Osakidetzako Zuzendaritzak sinestarazi nahi digu EPEaren ondoko egoera ezin hobea izango dela; baina EPEak ez du inola ere konponduko Osakidetzaren gaur egungo prekarietate larria.

EPE hau amaitzen denean, behin-behinekotasuna % 38koa izango da: Osakidetzak 15.000 aldi baterako langile ditu. Testuinguru horretan Osakidetza harro agertu da azkenaldiko EPErik ugariena atera duelako, 3.335 postuko EPE bat. Baina esaten ez duena da 4.000 lanpostu inguru hutsik geratuko direla langileen erretiroa dela-eta. Hortaz, EPE hau amaitzen denean, 16.000 aldi baterako langile baino gehiago egongo dira Osakidetzan. Egoera hain muturrekoa da ezen, batzuetan, langileak erretiro-adinera arte behin-behineko egoeran heltzen baitira.

Eroste-ahalmenaren galera metatua % 21ekoa da: 2010. urteaz geroztik egindako murrizketen ondorioz eroste-ahalmenaren galera metatua %15etik gorakoa da. Horri gehitzen badiogu Lanbide Garapenaren osagarrian egindako murrizketa, galera metatuta % 21ekoa da.

ELAk irabazi berri duen epaiak bi eginbehar ezarri dizkio Osakidetzari: lanbide-garapenaren deialdiak ebaztea, 2011n zabaldu eta alde bakarretik bertan behera utzi zituenak; eta dagozkien soldata-osagarriak ordaintzea, atzerakinak barne, munta osoa 100 milioi eurotik gorakoa bilduko duena.

Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere langileen artean; batetik, lanbide-garapenera sartzea eta hori kobratzea izan dutenak, eta bestetik, merezimendu berberak eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, behin eta berriz salatu duguna eta berehala amaitutzat jotzeko eskatzen duguna.

Gaurko egunean esan dezakegu oraingo langileriaren zati handi batek eskubidea duela osagarria jasotzen hasteko edo, bestela, orain jasotzen duena baino gehiago jasotzeko; eta kasu askotan atzerakinak eta guzti. Horregatik langileei zor zaien diru-kopurua, etendako deialdiagatik eta 2012tik egin ez direnengatik, 250 milioi eurotik gorakoak dira.

Gogora ekartzekoa da ELAk eskatu ziola Osakidetzari lanbide-garapenaren eredua berraztertzeko, eta irtenbide bat adosteko.

Osakidetzari esaten diogu berak, eta ez beste inork, eragindako egoera hau behingoz konpondu nahi badu, ez dezala epaiaren aurkako helegiterik sartu eta has dadila benetan negoziatzen, langile guztien garapen profesionaleko sistema bidezko, objektibo eta berdintasunezkoa lortze aldera.

Gaixo egoteagatik zigortzen dira langileak: Osakidetzako langileak gaixotu eta lanera joan ezinik dauden bakoitzean zigortuak izaten dira. Osakidetzak gaixotasun-egoeretako murrizketak mantendu ditu, eta horrek ondorio larriak dakarzkie euskal osasun publikoko langileei eta erabiltzaileei.

Gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 25ekoa da: Osakidetzak berak egindako diagnostikoaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala % 25ekoa da. Eta datu hori bereziki esanguratsua da Osakidetzan, non langileriaren % 80a emakumezkoa den. Eta emakumeak gehiengo diren langileriaren artean, emakumeak %25 pobreagoak dira gizonak baino.

Gure borroka sindikalari esker Osakidetzak emakume erdiberriak eta haurdun daudenak kontratatuko dituen arren, salatu behar dugu Osakidetzako enplegu-politikek sakondu baino ez dutela egin gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunetan.

  • Lanaldiaren % 51etik beherako kontratuen % 90 emakumeentzakoak dira.
  • Legezko zaintzagatik egiten diren lanaldi-murrizketen % 92,55ak emakumeek hartzen dituzte.
  • Osakidetzan diharduten emakumeen % 3,96ak bakarrik aritzen dira aginte-postuetan, gizonen % 11,43aren aldean.
  • Osakidetzan aritzen diren emakumeen % 19ak bakarrik osasun-lizentziaturako postuak betetzen ditu, gizonen % 45,12aren aldean.
  • Osakidetzan lan egiten duten 10 emakumetatik 4 aldi baterakoak dira, gizonen % 28,55aren aldean.

Lan kargak handitzen dira etengabe: aspaldidanik salatu dugu ELAtik Osakidetzako egitura-plantillak ez dituela behar bezala betetzen pertsonal-beharrizanak. Horren ondorioz profesionalek lan-karga onartezinak onartu behar dituzte, eta ematen duten zerbitzua gero eta prekarioagoa da.

Egoera horren aurrean Osakidetzak proposatu duen konponbide bakarra adabakiak jartzea da, baina horrela egoera larriagotuz doa, eta pertsonalaren lan-baldintzak are prekarioagoak izango dira.

Horiekin batera beste gainkarga batzuk ditugu: bajetan lehen egunetik ez ordeztea, zerbitzuetako langile-kopuru urria (lan-kargak gero eta handiagoak).

Zerbitzuen pribatizazioak jarraitzen du: Osakidetzaren politikak osasuna pribatizatzearen ildotik doaz; gure osasuna ere negozioa da batzuentzat. Aski frogaturik dago pribatizatu diren zerbitzuak ez direla merkeagoak, eta kalitate eskasekoagoak direla.

Gure borroka sindikalari esker, gaurko egunean Urdulizko Ospitalea erabat publikoa da, eta horrela izango da Eibarko Ospitale berrian ere (aurtengo abenduan irekitzekoa).

Egoera honen aurrean, ELAk, berriro ere, Osakidetzari eskatu eta exijitu nahi diogu:

  1. Murrizketa guztien leheneratzea.

  2. % 6ko behin-behinekotasun tasa lortzea 3 urtetan.

  3. Soldataren % 100a gaixotasun bajetan.

  4. Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatzeko politikak martxan jartzea.

  5. 5.000 egitura-postu gehiago sortzea.

  6. Osasun publikoa, kalitatezkoa eta guztiontzat.

Aldarrikapen hauek babesteko, ELAtik sinadura bilketa bat jarri genuen martxan. Gaur 4.000 sinadura eman dizkiogu Osakidetzari, eta beroietan oinarrituz, Osakidetzari exijitzen diogu berehala jarri ditzan martxan.