Arabako espetxea

ELAk Lan Ikuskaritzan salatu du prebentzio araudia ez dela betetzen

2025/10/09
ELAk Lan Ikuskaritzan salatu du prebentzio araudia ez dela betetzen
Langileen eta presoen osasuna eta segurtasuna arriskuan daude langile faltagatik, komunikazio ekipoetako akatsengatik eta zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutelako prebentzio plangintza aplikatzen.

ELAk salaketa aurkeztu du Arabako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren aurka. Zehazki, Arabako espetxeko (Zaballako) langileek pairatzen duten arrisku eta babesgabetasun egoera larria salatu du sindikatuak. Administrazioak berak aitortu du egoera hori ezagutzen duela, baina langileen eskaerei muzin egin zaienez eta prebentzio zerbitzuko bideak agortuta, salaketa jartzea erabaki du sindikatuak.

Zaballako segurtasuna arriskuan jartzen duten gabezia batzuk zehazten ditu salaketak. Nabarmentzekoa da walkie-talkie-en eskasia eta funtzionamendu kaxkarra, babes ekipamenduko funtsezko elementuak direlako. Esaterako, horrek eragin zuzena izan zuen alde batetik, langile batek ekainaren 28an jasandako erasoan, eta bestetik, uztailaren 11an bosgarren moduluko gertakari larriaren kudeaketan.

Azken kasu horretan, arratsaldeko 18:00tan, ekaitz batek akats elektriko orokorra eragin zuen moduluan, eta zerbitzurik gabe utzi zituen segurtasun kamerak eta zeldak irekitzeko sistema. Teknikaria 20:00etan iritsi zen, eta ondorioz, modulua kontrolik gabe egon zen 21:30ak arte. Hori guztia komunikazio ekipo operatiborik gabe, langileak arrisku larrian jarriz.

Halaber, prebentzio batzordeko azken bileran, gertakari larri horien lekuko izan ziren Zaballako ordezkari sindikalen presentzia eragotzi zuen administrazioak. Askatasun sindikalaren urraketa horrek agerian utzi du administrazioak ez duela arazoa konpontzeko borondaterik.

Prekaritate egoera horri egiturazko langile falta gehitu behar zaio. Langileen gutxiagotze horrek, presoen kopurua etengabe handitzearekin batera, edozein gertakari arriskurik gabe kudeatzea nabarmen zailtzen du.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du arrisku psikosozialen prebentzioaren plangintzan aurreikusitako neurririk hartu, nahiz eta neurri horiek ezartzeko epea aspaldi agortu zen.

ELAk aurreratu du beharrezko ekintza guztiak egingo dituela Justizia Sailak espetxeen egungo egoera lehenbailehen konpondu arte. Era berean, espetxeak beharrezko langileez hornitzeko eta langileen zein presoen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzen du.