ELAk Hezkuntza Publikoko langileak antolatu eta mobilizatzera deitu ditu ratioak jaitsi eta beharrezko bermedun lanpostuak sortzeko

2019/03/22
ELAk behin eta berriz salatu bezala, Eusko Jaurlaritzak lanpostuen %11 inolako arazorik gabe murriztu dezake eta ratioen muturreko politika egiten jarraitzeko eskuak libre ditu. Hau ikusirik, ELAk proposamen zehatzak luzatu dizkio Jaurlaritzari: beharrezkoak diren 973 ikastalde eta bermedun 2.388 lanpostu sortzea.

2009tik hona Eusko Jaurlaritzak krisiaren aitzakia erabili izan du zerbitzu publikoak, oro har, eta hezkuntza publikoa, konkretuki, deskapitalizatzeko. BPGarekiko hezkuntza inbertsio publikoa beherantz joan den bitartean zor publikoaren ordainketara bideratutako aurrekontuaren portzentajea hazi egin da etengabe; ikastetxeetatik dirua atera da bankuei emateko, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa bultzatuz.

Honek ondorio eta murrizketa larriak ekarri ditu hezkuntza publikoan, besteak beste, gelako ikasle ratioak gehitzea. Matrikulazioa etengabe gorantz joan den bitartean, ez dira beharrezko ikastaldeak sortu eta ratioak %9,1 igo dira. Gainera, beharrezko ikastaldeak ez sortzearen ondorioz, matrikulazioaren gorakada honi erantzuteko beharrezkoak diren 973 ikastalde eta 2.388 lanpostu murriztu dira. Honek ondorio kaltegarriak ditu lan-kargetan, heziketa prozesua behar bezala garatzeko aukeran, ikasleen jarraipenean, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen laguntzan, etab. Hau izan da azken bi ikasturteetako greba eta mobilizazioetan aldarrikatu duguna.

Azaroan prentsaurreko bidez honen inguruan egindako azterketa eta ondorioak aurkeztu genituen. Azterketa honek ondorio garbi batera eraman gintuen: Jaurlaritzak ratioen muturreko politika aplikatzea erabakita dauka posible den ikastetxe guztietan. Horrela, EAEko ikastetxeen %17,6 guztiz legez kanpo dago, legeak onartzen duen gehienezko ratioen %10eko gehikuntzaren gainetik, edo %10aren barruan, baina legeak dioena errespetatu gabe; aldiz, %55,8 pilaketa egoeran dago (gehienezko ratioetan edo honen %10 gehigarria baliatuz gehienezko ratioen gainetik).

Gainera, ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzak, datozen urteetako matrikulazioaren beherakada aurreikusiz, estrategia berri bat jarri duela abian salatu genuen, murrizketa eta lanpostu suntsiketa berriak egiteko joko zelaia prestatuz. Nola ari da hori egiten? Bada, gero eta lanpostu gehiago Lanpostu Zerrendatik ateraz eta hauek babesgabetasun egoera batetan eta berme legalik gabe utziz. Ikasturte honetan 1.111 lanpostu daude LZ ofizialetik kanpo, lanpostu guztien %11, eta, beraz, berme legalik gabe eta erabateko babesgabetasun egoeran. Lurraldeka begiratzen badugu, Araba da egoera larrienean dagoena, ia 10 lanpostutik 2 baitaude egoera honetan. Aldiz, ikastetxeka hartuz gero, ikastetxeen %24ean gutxienez 6 lanpostutik bat.

Bestetik, pasa den maiatzean LAB eta Steilas sindikatuek -zeintzuk ELArekin batera greba eta mobilizazio dinamika sustatu zuten-, baita CCOO eta UGTk ere, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu zuten akordioak sorturiko enplegu urria eta enplegu mota ere salatu genuen. Izan ere, akordioak ez du Eusko Jaurlaritzaren muturreko ratioen politikan eraginik izan; ez du mugatu, eta ez dio arazoaren muinari heldu. Ez hori bakarrik, sortu diren lanpostu urriak prekarioak dira eta lanpostuak Lanpostu Zerrendatik ateratzeko estrategian eta hauek esleitzerako gardentasun faltan lagundu du. Akordioaren ondorioz sortu diren HBI (Hezkuntza Beharren Indizea) lanpostuen kasua honen adibide garbia da, zeinak LZ ofizialetik kanpo dauden lanpostuen ia %7a suposatzen duten. Beraz, akordio honek ez du lanpostu hauek bermatzeko neurririk jasotzen, eta zentzu honetan ere aukera bat galdu zen akordio hori sinatzean.

Hau ikusirik, ELA sindikatuak proposamen konkretuak luzatu dizkio Jaurlaritzari. Alde batetik, ratioak jaitsi eta beharrezko 973 ikastalde eta bermedun 2.388 lanpostuak sor ditzala ratioen muturreko politika egiteari utziz. Bestetik, lanpostu guztiak Lanpostu Zerrenda ofizialean sar ditzala exijitu dio, lanpostu hauen babesgabetasuna ekiditeko. Eta azkenik, lanpostuen esleipenerako arauetan gardentasuna eta zehaztasun maila handiagoa eskatu dio.

ELAk hezkuntza publikoko langile guztiei antolatzeko eta mobilizatzeko deia luzatu die, krisiaren aitzakia erabiliz Eusko Jaurlaritzak inposatutako murrizketa guztiei buelta emateko, lanpostu suntsiketa eta ratioen igoerak ekarri duen muturreko politika honi aurre egin eta bestelako politika bat exijitzeko eta sindikatutik honetan lanean jarraituko dugu.