FUNTZIO PUBLIKOA

ELAk Mahai Orokorra premiaz deitu du eta Eusko Jaurlaritzari biltzeko eskatu dio

2025/01/23
"Eusko Jaurlaritzak uko egin dio bere agindupean lan egiten duten 100.000 langileen lan baldintzak negoziatzeari; hala ere, Ertzaintzarentzat, urteko, gutxienez, 4.200 euroko soldata igoera gehigarri bat hitzartu du", kexu da sindikatua. ELAk dio Eusko Jaurlaritzak ezin duela jarraitu esaten estatuko aurrekontuek sindikatuen aldarrikapenei aurre egitea eragozten dutela, hori ez baita izan arazo bat Ertzaintzan.

Euskal funtzio publikoan gehiengoa duen ELA sindikatuak Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra deitu du otsailaren 3rako, Bilboko LHKren egoitzan. Bide beretik, idazki bat bidali dio Maria Ubarretxena Gobernantza eta Funtzio Publikoko Sailburuari eta eskatu dio bertan ordezkatuta dauden sindikatu guztiekin biltzea.

Gobernuak behin eta berriz uko egiten dio esparru horretan soldata igoerak negoziatzeari, eta Madrilen ezarritako igoerak aplikatzen ditu. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden langileek (Hezkuntza, Osakidetza, Autonomoa, Justizia, Enpresa Publikoak, etab.) erosahalmenaren %5,8 galdu dute azken hiru urteetan (2022-2024), eta beraien soldatak izoztu egin dira 2025ean. Bitartean, urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritza akordio batera heldu zen Ertzaintzaren esparruan, eta, bertan, gutxienez 4.200 euroko soldata igoera planteatu zuen, Madrilgo mugak kontuan hartu gabe.

“Gobernuak ezin ditu bere plantillaren zati baten lan baldintzak bakarrik hobetu eta bizkarra eman Osakidetzako, Justiziako, Administrazio Autonomoko, enpresa publikoetako edo greban dauden hezkuntza publikoko langileen beharrei”, dio ELAk. Zentzu horretan, sindikatuak dio negoziazio eskaerei jaramonik egin ezean, galdera izango litzakeela ea Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzan erabilitako mobilizazio ereduak elikatu nahi dituen. Nolanahi ere, ELAren ustez, negoziatzeko borondaterik erakutsi ezean, Jaurlaritzak berak bultzatuko luke mobilizazio eta greba gehiago deitzea.

Horregatik, ELAk premiaz eskatu du Mahai Orokorraren deialdia egitea, eta Jaurlaritzari eskatu dio honako hauek adostea: erosahalmena berreskuratzea; plantilla egonkortzea (behin-behinekotasuna %8tik behera kokatu arte); lan kargen igoera eta lanaren burokratizazioa arintzeko neurriak hartzea; langileen lan osasuna bermatzea; eta administrazioa euskalduntzeko neurri egokiak ezartzea.

ELAk behin eta berriz salatu du Madrilgo mugak aitzakia baino ez direla lan baldintzak murrizteko, eta egoera horretan oso larria litzatekeela Gobernuak planteamendu batzuk egitea kolektibo batzuentzat eta gainerakoentzat murrizketak aplikatzea. “Borondate politiko kontua da lan baldintzak hobetzea”, dio.

Mahaira joan ezean eta ildo horretan proposamenik egin ezean, ELAk dei egingo die gainerako sindikatuei hezkuntzako greba dinamika areagotzen jarraitzeko eta Jaurlaritzaren esparruko gainerako sektoreetan aktibatzeko.