ELAk milaka atxikimendu lortu ditu udaletan negoziazioa bultzatzeko
ELAk udaletako langileen milaka sinadura lortu ditu lan baldintzen negoziazioak bultzatzeko udaletan eta Udalhitzen. Erosahalmena berreskuratzea, lan kargak arintzeko neurriak hartzea, lan osasuna hobetzea, lanaldia murriztea, plantillak gaztetzeko neurriak ezartzea, behin-behinekotasuna murriztea eta euskarazko gutxieneko zerbitzuak bermatzea aldarrikatzen dute. Salbuespenak salbuespen, urteak dira negoziaziorik gabe eta lan-baldintzak okertu egin dira.
ELAk langileen atxikimenduak aurkeztu dizkie udalei, erregistrak eta elkarretaratzeak antolatu ditu. Hala, hainbat eskualdetan eta udalerritan mobilizazioak izan dira edo egongo dira, hala nola Donostian, Eibarren, Irunen, Durangon, Dulantzin, Azpeitian, Galdakaon, Urduñan, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Getxon edo Santurtzin, adibidez. Lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik ematen ez bada, ELAk mobilizazio eta greben deialdia baloratuko du.
Hurrengo egunetan amaituko den sinadura bilketaren ondoren, sinadura horiek EUDELera eramatea izango da hurrengo urratsa. Datorren azaroaren 6an, ostegunean, manifestazioa deitu du ELAk Bilbon goizeko 11:00etan, udaletxetik Eudeleraino. ELAk argi du langileen mobilizazioarekin eta aktibazioarekin bakarrik lortuko direla lan baldintzen hobekuntzak, bai Udalhitzen bidez, bai udal bakoitzeko mahaietan egindako akordioen bidez.