ELAk negoziazio erreal bat zabaltzea eskatzen du
ELAren ustez ezinbestekoa da negoziazio-mahaia berehala eratzea eta sindikatuekin adostea landu beharreko gaiak eta lan-egutegia. Lanbideko langileon lan-baldintzak negoziatzeko unea orain da. Lanbideren zuzendaritzak ez da zintzo eta garden jokatzen ari bere langileekin. Lanbideko langileek bi urte baino gehiago daramatzate argitu nahian zuzenbide pribatuko erakunde bihurtzeak nola eragingo duen euren lan egoerari, inongo erantzunik jaso gabe. Gaur egun oraindik ez dakite nola egingo den integrazioa erakunde publiko berrian eta, bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako funtzionario izateagatik zituzten eskubideak galtzen ari dira.
Egoera kezkagarria da eta argi ikusten ari dira zenbait egoera larri:
-
Zerbitzu-eginkizunak ez dira ateratzen, eta zuzenean lan-poltsen bidez betetzen dira hutsik geratzen diren lanpostuak.
-
Bitarteko funtzionarioek betetzen dituzten plazak 3 urteko mugara iristen ari dira, eta langileak kaleratzen ari dira.
-
Telelanaren deialdia berriz ere planteatu da bulegoetako langileak kanpoan utzita, inolako arrazoi sendo barik.
-
Hobetzen eredua bere horretan baliogabetzat jo dute, baina ez dute argitzen zein izango den ordezkoa.
-
Ez dago garbi langileek mugikortasun-aukerak izango dituzten erakunde publiko berrian.
-
Lanpostuen zerrenda negoziatu gabe, Zuzendaritza bere kabuz ari da horren aplikazio praktikoa ezartzen.
-
Langileek ez dute sarbiderik ez oraingo lanpostuen zerrendara, ezta bere lanpostuen monografietara ere, babesgabetasun egoera batean utziz.
-
Bulego batzuetan administrariak teknikariei dagozkien zereginak egitera behartzen ari dira.
-
Enplegu-prestazioen transferentzia prentsaren bidez jakin dugu, eta Zuzendaritzak Lanpostuen zerrendaren zirriborroan planteatzen zen tramitazio-lanpostuen berratxikipena bertan behera utzi du azalpenik eman gabe.
-
Zuzendaritzak langileak zaindu nahi dituela dio, baina behin eta berriz urratzen ditu joko-arauak, eta negoziazio-mahaiaren ordez bestelako foro paraleloak sortzen ditu bere interesaren arabera.