ELAk negoziazio mahaia utzi du, Eusko Jaurlaritzak aldi baterako 60.000 langile baino gehiago finkatzeari uko egin diolako

2021/06/17
ELAk negoziazio mahaia utzi du, Eusko Jaurlaritzak aldi baterako 60.000 langile baino gehiago finkatzeari uko egin diolako
Eusko Jaurlaritzak sindikatuen planteamenduei uko egin zienez eta behin-behineko 60.000 langile baino gehiagori behin betiko konponbidea emateko borondaterik ez zegoenez, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek mahai orokorraren bilera utzi zuten, eta Gobernuari proposamen errealak eta eraginkorrak eskatu zizkioten, langileak sendotzeko. Era berean, ELAk aurreratu du beharrezko mobilizazioak bultzatzen jarraituko duela, greba barne, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten euskal sektore publikoko 60.000 langileen benetako sendotasuna lortu arte.

ELAren harridurarako, eta azken bileratik 4 hilabete baino gehiago igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako planteamendu berririk egin eta aurrera jarraitzen du martxan diren LEPekin, nahiz eta hauek, eskainitako kopuruak eta hautaketa prozesua medio, milaka langile publioen kontsolidazioa eragozten duten; areago, azken urteetan lanpostu batean jardun direnek enplegua galtzea ere eragin dezakete. Bestalde, parte hartzen dutenak LEP prozesua oso egoera fisiko eta emozional gogorrean egin beharrean dira, pandemiaren kudeaketak leher eginda utzi baitu arlo publikoko langile asko eta asko.

Gobernuaren jarrera ikusita, ELAk berriro jarri ditu mahai gainean bere aldarrikapenak, kontsolidazioaren helburua lortzeko:

  1. Momentu honetan mahai gainean dagoen Kidego eta Eskala lege-proiektua bertan behera uztea nahikoa ez delako, ez duelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere.

  1. Eusko Jaurlaritzari eta berau sostengatzen duten alderdi politikoei beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak ematea, salbuespenezko kontsolidazio prozesuak ahalbidetzeko.

  1. Kontsolidazio prozesu horiek administrazio guztietan eta sektore publiko osoan abiaraztea, nahitaez bete beharrekoak izatea, bermatzaileak eta ordezkaritza sindikalarekin negoziatuak eta adostuak.

  2. Egungo egoerara itzultzea ekidingo duten neurriak eta mekanismoak artikulatzea. Helburu horrekin, hots, kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari derrigor amaiera emateko zein azpikontratazioari ateak ixteko, plantilla behar guztiak identifikatu, azaleratu eta horien arabera handitzea, ratio zein lan kargen berrikuspen serio bat eginez.

  3. Dagoeneko martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuei dagokionez, negoziazio kolektiboaren ondorioz, kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak barneratzea, baita LEPak behin-behinean atzeratu ere, plaza horiek galdu gabe beti ere, prozesu horiekin jarraitzeak kolektiboarengan eragin dezakeen kalte larriak ekiditeko.

  4. Pribatizazio politikarekin amaitzea.