ELAk oinarrizko prebentzio-unitateei egiturazko langile gehiago emateko eskatu dio Osakidetzari

ELAk, Osakidetzako Prebentzio Ordezkarien bidez, behin eta berriz berretsi du Segurtasun eta Osasun Batzorde bakoitzean, Prebentziorako Oinarrizko Unitateak (OPUak) langile gehiagoz hornitzeko premia larria dagoela. ELAren aspaldiko aldarrikapena da eta ez zaio jaramonik egin aldarrikapen horri. Osakidetzak borondatea izanez gero, egoera honi buelta eman diezaioke. Baina Osakidetzak, lanpostuak baloratu eta hauek dituzten arriskuen aurrean neurriak aurreikusi eta bere langileen osasuna zaindu beharrean, emaitza ekonomikoak lehenetsi ditu
Osakidetzako Prebentzio Zerbitzu Propioa, Oinarrizko Prebentzio Unitateez osatua, medikuek, erizainek, prebentzio-teknikoek eta kasuren batean, psikologo klinikoek eta administrari laguntzaileek osatzen dute. Zerbitzu honen giza hornidura hezur eta azal besterik ez da.
Oinarrizko Prebentzio Unitate propioa duten ESIek, ez dituzte inondik inora baliabide nahikorik lana aurrera eramateko. Eta gainontzeko dozena bat ESIk prebentzio langileak euren artean partekatzen dituzte. Osakidetzan 35.000 pertsona inguruk egiten dute lan egunero, eta zentroen bataz besteko tamaina 2.000 langilekoa da. Zentroen arteko sakabanaketa geografikoa nabarmena da, batez ere lehen mailako arretan. Gainera, Osakidetza etengabe ari da egitura eta antolakuntza berritzen, eta horrek behartzen ditu OPUak etengabe lanpostuak ebaluatu eta egokitzera, langileak prestatzera, eta osasunerako zaintza eta prebentzio-planak egitera. Hori guztia segurtasunez eta egoki burutzea ezinezkoa da Osakidetzako Prebentzio Zerbitzu Propioa osatzen duten 81 langilerentzat.
ELAk behin eta berriz eskatu du, behar beharrezkoa den lan hau aurrera eramateko Osakidetzak mediku, erizain eta batez ere lan arriskuen prebentziorako teknikari eta psikologo klinikoak gehitu ditzala. Azken kategoria horren presentzia testigantzakoa da, 3 profesional baino ez baitaude Osakidetza osorako. 81 langile horietatik heren bat behin-behinekoa edo ez-finkoa da. Beraz ELAk, lanpostu horiek sortu eta behin betiko betetzea eskatzen du. Aldi berean, ezinbestekoa da lanpostu horien eguneroko funtzioei buruzko azterketa dimentsionatua egitea. Ondorioz exijitzen dugu azterketa horretan oinarrituta, beharrezkoak diren profesionalen kopurua handitzea eta prebentzioko oinarrizko unitateak sortzea halakorik ez dagoen ESIetan.
Korona birusaren izurrite betean eta aipatutako baliabideak kontutan izanda, salatu nahi dugu gehiegizko lana suposatzen duela OPUentzat Osakidetzako langile denei etengabeko osasun-laguntza, informazioa eta prestakuntza ematea. Beste behin ere, agerian geratu da Osakidetzak behar baino langile gutxiago dituela. Aspaldidanik salatu dugu Osakidetzaren arduragabekeria, egunerokotasunean behin-behinekoz josita (%40 inguru) eta nahikoa ez den plantillarekin funtzionatzen baitu. Eta arinkeriaz edo helburu merkantilistetan oinarrituta hartutako erabakiek, krisi egoeren aurrean erantzuteko ahalmena nabari murrizten dute.
Osakidetzako LANGILE GUZTIEK ahalegin handia egiten dute lankideak eta herritarrak artatzeko, eta une lazgarri hauetan hori egiazta dezakegu. OPUek egiten duten lan handia ere nabarmendu nahi dugu; izan ere, Osakidetzako langileen osasuna zaintzen baitute gero hauek euskal herritar guztien osasuna zaintzeko.