gipuzkoako erresidentziak eta eguneko zentroak

ELAk salatu du 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala

ELAk salatu du 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala
Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak greban daude gaur, bihar eta etzi. ELAk kontratuak lanaldiaren % 100era zabaltzea, soldata arrakalarekin amaitzea eta lanaldi murrizketa ezartzea aldarrikatzen du negoziatzen ari den hitzarmen berrirako. Gipuzkoako egoitzetan 5.000 langilek dihardute, gehienak emakumeak. Eskaintzen duten zerbitzua % 90ean Aldundiaren bidez diru publikoarekin finantzatuta badago ere, lan baldintzak prekarioak dituzte, ELAk kritikatu duenez.

ELAk aztertutako datuek agerian utzi dute egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dagoela lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean, hau da, urtean 10.000 euro baino gehiagokoa. Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik diferentzia nabarmenagoa baita. Ondorioz, arrakala bikoitza jasaten dute. Horregatik, Aldundiari eskatu diote arrakala horrekin amai dezala.

Kontratazioa aldatzea gakoa da horretarako, partzialtasuna eta azpikontratazioa baitira soldata arrakaleran aldagai nagusienak. Sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa da eta azpikontratazioa %93koa. Kontuan izanda langile gehin-gehienak emakumeak direla, genero arrakalan buru da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki.

ELAk auzi horiek behin eta berriz mahai gainean jarri baditu ere, Aldundiak ez du urratsik egin konponbiderako. Horregatik, gaurko manifestazioan horixe aldarrikatu dute langileek hitzarmen berriaren negoziazioari begira.