Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra

ELAk salatu du EAEko eta Nafarroako ordezkariek ontzat ematen dutela eskumenak mugatzen dituen Estatuko sektore publikoko lan akordioa

2025/12/03
ELAk salatu du EAEko eta Nafarroako ordezkariek ontzat ematen dutela eskumenak mugatzen dituen Estatuko sektore publikoko lan akordioa
Estatuko beste erkidego batzuetako ordezkariek eskatu dute enplegu publikoko beharrak ezartzea. Nafarroako eta EAEko ordezkarien kasuan, aldiz, Espainiako Gobernuak eta UGTk eta CSIFek lortutako akordioaren alde agertu dira.

Abenduaren lehenean egin zen estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorraren bileran. Bertan, Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzak aurreko astean Gobernuaren eta Espainiako UGT eta CSIF sindikatuen artean langile publikoentzat lortutako akordioaren berri eman zuen. Sindikatuez gain, bileran izan dira erkidegoetako ordezkariak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko ordezkariak.

ELAk salatu nahi du Eusko Jaurlaritzako Enplegu Publikoko zuzendariak ez zuela ELAren eskaria babestu, hau da, Hego Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak erabakitzeko ahalmena errespetatzeko eskaera. Eta ez babesteaz gain, hitzez hitz adierazi zuen ez zuela ezer esateko akordioaren inguruan. Antzeko jarrera izan zuen Nafarroako Gobernuaren ordezkariak.

ELAren ustez, jarrera hori oso larria da; izan ere, akordioak Hego Euskal Herriko langile publikoen erosahalmenaren galeran beste urrats bat da, enpleguaren erreposizio tasei eutsi eta estatuak du azken hitza, edota hainbat proposamen uniformizatzaile daude lan osasunean, adimen artifizialean eta abarrean.

Gainera, jarrera hori ez dator bat beste erkidego batzuetako ordezkariek izan dutenarekin, hala nola, Balearretako, Gaztela-Leongo, Gaztela-Mantxako, Valentziako edo FEMko (Espainiako Udalerrien Federazioa) ordezkarienekin. Gobernuak egindako negoziazio prozesua kritikatzeaz gain, eskatu dute erreposizio tasak kentzea eta euren erkidegoetan erabakitzea enpleguaren arloko beharrak, baita lan kontratuko langileen erretiro partzialerako irtenbidea topatzea ere.

ELAren ustez, EAEko eta Nafarroako ordezkariek erakutsi dute ez dituztela defendatu nahi sektore publikoko lan baldintzen arloan aitortutako eskumenak, eta ondo datorkiela murrizketak gauzatzeko; sindikatuak behin baino gehiagotan salatu izan duenez.

Bestalde, ELAko zerbitzu juridikoak akordio horren kontrako bideak aztertzen eta baloratzen ari da; izan ere, langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko legez ezarritako mahaitik kanpo lortu baita akordioa.