EUSKAL ADMINISTRAZIO OROKORRA

ELAk salatu du gazteberritze plana diskriminatzailea eta eskasa dela

2026/06/08
ELAk salatu du gazteberritze plana diskriminatzailea eta eskasa dela
Bihar, Jaurlaritzako mahai sektorialean, Euskal Administrazio Orokorreko langileentzat proposatzen den Gazteberritze Planaren behin betiko testua helaraziko zaie sindikatuei.

ELAk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren gazteberritze plana ez da administrazio orokorreko langile guztiontzat, eta beraz, diskriminatzailea da. Plan honek eskaintzen dituen egun libreetaz disfrutatu ahal izateko, langilea erretiro aurreratua eskatzera derrigortuta dago. Jakina denez, gaur egun, erretiroa eskatzeko baldintzak geroz eta gogorragoak dira eta horrenbestez langile orok ez du erretiro aurreratua eskatzeko aukerarik.

Ondorioz, jubilazio aurreratua eskatzeko eskubiderik ez duenak, ez du ere gazteberritze plan honetan sartzeko eskubiderik izango. Beste behin ere, egoera okerragoan daudenak, prekarioenak hain zuzen, albo batera utziz. 

Bestalde, erretiro aurreraturako eskubidea dutenek, gazteberritze plan honi etekina atera nahi badiote, penalizazioak jasan beharko dituzte euren etorkizuneko pentsioetan. Esaterako, librantza egun maximoetara joz gero, pentsioan %21eko galera jasan beharko du langileak, administrazioak inolako konpentsazio ekonomikorik eskaini gabe.

Gainera, gazteberritze planak ez ditu egoera desberdinei irtenbide bat emango lieken beste jubilazio formulak aurreikusten. Hori gutxi balitz, Jaurlaritzak urteak daramatza administrazio orokorreko langileei dagozkien erretirorako eskubideak blokeatzen. Jubilazio primak eta laboralendako errelebo-kontratua, nahiz eta hitzarmenean aurreikusita dauden eskubideak izan, Jaurlaritzaren aginduz blokeatuta daude.

Hortaz, biharko mahai sektorialean, ELAk gazteberritze plan honen gabeziak salatzeaz gain, Jaurlaritzari bere jarrera autoritarioa alda dezan galdegingo dio. Akordio partzial hauek, eskasak izateaz gain, 15 urtez baino gehiago negoziaturik gabe dagoen hitzarmena alboratzen jarraitzen dute. Horregatik, ekainaren 16an, administrazio orokorreko langileak 3 orduko lanuztera deitu ditu ELAk: hitzarmena benetako edukiekin bete eta berritu behar delako.