ELAk salatu du Jaurlaritzak hezkuntza publikoko hauteskunde sindikalak baldintzatu nahi dituela

2019/01/14
LAB, STEILAS, CCOO, UGT eta USO sindikatuek egoera hau ontzat eman eta legea baino irizpide murriztaileagoak eskatu eta sinatu dituzte, Hezkuntza Sailarekin batera, bozkatzeko eskubidea oztopatuz. Laboralen kolektiboen bozkatzeko eskubidea bermatzeko eta errazteko eskualde ezberdinetan mahai gehiago jartzea eskatu du ELAk (kolektibo hauek hiriburuetaraino joan behar izaten dute botoa ematera); baita posta bidezko botoa legeak markatzen duenaren arabera egiteko eskubidea bermatzea ere.

Hauteskunde sindikalak langileok gure ordezkariak hautatzeko dugun prozesua dira eta, beraz, prozesu honetan enpresa edota administrazioaren papera oso mugatua da. Jaurlaritzari hauteskunde prozesua erraztea eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea dagokio, baina ezin du hauteskundeen nondik norakoa baldintzatu; are gutxiago erabaki, hauteskunde sindikalen prozesuan enpresa edota administrazioaren injerentziak legez kontrakoak direlarik.

Aldiz, 2019an Hezkuntza Publikoan egingo diren hauteskunde prozesuan Jaurlaritzak paper aktiboa hartzea erabaki du, legearen kontra joko arauak baldintzatuz eta bozkatzeko eskubidea oztopatuz; ELArentzat hau erabat onartezina da. Honen aurrean, LAB, Steilas, CCOO, UGT eta USO sindikatuek, egoera ontzat emateaz gain, legeak markatzen duena baino irizpide murriztaileagoak eskatu eta sinatu dituzte Hezkuntza Sailarekin, bozkatzeko eskubidea oztopatuz.

ELAk bere aldetik, laboralen kolektiboen bozkatzeko eskubidea bermatzeko eta errazteko asmoz eskualde ezberdinetan mahai gehiago jartzea eskatu du (kolektibo hauek hiriburuetaraino joan behar izaten dute botoa ematera), baita posta bidezko botoa legeak markatzen duenaren arabera egiteko eskubidea bermatzea ere. Aldiz, Jaurlaritzak -ez dagokion paper bat hartuz- eta gainerako sindikatuek ez dute onartu eskualdeetan mahai gehiago jartzea, eta legeak dioenaren kontrara, posta bidezko botoa eskatu ahal izateko baldintzak gogortzea adostu dute.

ELAk onartezina deritzo Jaurlaritzak langileon hauteskundeak baldintzatzeko hartu duen jarrerari, baina are larriagoa iruditzen zaio sindikatu batzuek,  langileek bozkatu dezaten bultzatu eta horretarako aukerak erraztu beharrean, bozkatzeko eskubidea oztopatzea.