Gipuzkoako Erresidentziak

ELAk sei greba egun deitu ditu hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko

2025/05/21
Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa urtarrilean abiatu zen. Lau bilera ondoren patronalek ez dute sindikatuak egindako aldarrikapenei ia erantzun ere egin eta sektoreak dituen arazo nagusiei ez die heldu nahi. Hitzarmen berriaren negoziazioan dagoen blokeoa gainditu eta sektoreko langileen artean zabaldu den prekaritatearekin amaitzeko, langileek grebara joko dute ekainaren 11 ,12, 13 eta uztailaren 9, 10 eta 11an.

Sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute baina lan baldintza prekarioak dituzte.

Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da. Azken urteetan egoitzetan ematen den arreta zuzenaren orduak jaitsi egin dira eta honek izugarri igo ditu lan kargak eta langileen osasunaren okertzea, baita zerbitzuarena ere.

Zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenarmena eskatzen du ELAk, besteak beste honako edukiekin:

  • %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat
  • Soldata arrakalarekin amaitzea
  • Lan orduak 32 ordura jaistea, eta adinean gora dijoazten langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea.
  • Arrisku psikosozialen plan adostuak
  • Zerbitzua euskalduntzeko baliabideak
  • Trantsizio ekosozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan

Neurri hauek arretarako lan orduak igo eta langileen lan osasuna hobetzeaz gain, egoiliarrei ematen zaien zerbitzua nabarmen hobetzea ekarriko luke.

ELAk patronalei sindikatuak eskatutako edukiak mahai gainean jar ditzala eskatzeko Ekainaren 11,12,13 eta Uztailaren 9,10 eta 11an langile guztiak greba egitera deitzen ditu. Uste dugu, aldarrikapenak entzun eta lortu ahal izateko aukera bakarra dela bide hau.

Era berean, Foru aldundiari, sektoreak bizi duen egoeraren jabe egin eta baliabideak jarri ditzala eskatzen diogu; aukera paregabea da sektore honetako genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jartzea bermatuko duen bestelako eredu bat ezartzeko.