ELAk sei orduko lanuztea egin du Bizkaiko Esku Hartze Sozialean

2018/05/16
Dauden zerbitzuak desegiten ari direla eta hitzarmena negoziatzeko mahaia geldiarazi dutela salatu dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzean.

ELAk deituta, Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko langileek sei orduko lanuztea egin dute 2016. urtetik hitzarmena berritu gabe dagoela salatzeko. Mobilizazio egunaren baitan, kontzentrazioa egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, euren aldarrikapen zehatzak berretsi dituzte:

  • Egungo hitzarmenaren negoziazio-mahaia desblokeatzea.
  • Zerbitzuen karteraren aplikazioari aurre egitea enplegua bermatzeko.
  • Lan-osasunean hobekuntzak lortzea.
  • Zerbitzu desberdinak barne hartzen dituzten dekretuak betearaztea.

Kontzentrazioan salatu dutenez, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko sektoreak eraso larriak jasan ditu enpresen, patronalen eta erakunde plublikoen aldetik, betiere, helburu jakin batekin: zerbitzuen sarea desegitea; lan-baldintzak prekarizatzea; eta hitzarmena berritzeko negoziazio-mahaia oztopatzea.

Diru-sail publikoen etengabeko murrizketak salatu dituzte, bide horretatik jarraituz gero, programak eta zerbitzuak ezin izango baitira mantendu, eta gizarte-beharrizanak modu kaxkarragoan artatuko baitira.

Gainera, baieztatu dutenez, murrizketa horiek eragin zuzena dute lanpostuen egonkortasunean, langileak kaleratuz, lan-baldintzak aldatuz, lan-prekarietatea ugalduz, eta, azken batean, zerbitzuak eta programak ere desagerraraziz.

Halaber, sektoreko patronalak ez daude prest hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Bide batez, aipatzekoa da negoziazio honek ez dituela, besteak beste, sektorea duintasunez hornituko duen soldata igoerarik aztertu, ezta lan-osasunaren inguruko neurririk hartu ere.

Baieztatu dutenez, erakunde publikoak dira sistematikoki aurrekontuetan murrizketak ezartzen dituztenak, nahiz eta horren eragin zuzena lanpostuetan, lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean sumatu. Hori gutxi balitz, zerbitzuen karteraren aplikazioan nagusi den gardentasun ezak enpresa eta erakundeei bidea libre uzten die zerbitzu eta programak desegiteko.