ELAk Zerbitzu publikoetako langileak mobilizatzera deitzen ditu hauen suntsiketa salatzeko
Pasaden asteazkena, uztailak 11an Espainiako Gobernuak argitaratutako neurri onartezinen aurrean ELAk zerbitzu publikoetako langile eta gizarte osoaren aurkako eraso basati hau salatu nahi du. Berriz ere gizarteko kolektibo ahulenen aurkako neurriak hartu dituzte finantza botereen gehiegikeriak ordaintzeko. ELAk pobretze politika orokortu honen aurrean zerbitzu publikoen indartzea aldarrikatzen dugu, elkartasunean oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko hain zuzen.
Espainiako Gobernuaren neurriak aplikatzekotan azken 40 urteetako langileen aurkako erasorik larriena izango dira, bereziki zerbitzu publikoetan bai langileengan bai zerbitzu-hartzaileengan ondorio larriak izango ditu. Gobernuak langileon pobretzea bilatzen du patronalaren eta finantza-botereen mesedetan, krisi egoeran sartu gaituztenen mesedetan hain zuzen.
Bestalde, neurri hauek Lan-Harremanen Euskal Esparruarekiko eraso larria suposatzen dute, esparru hau langileon interesetan defendatzeko modu bakarra Euskal Herrian neurri hauek ez aplikatzea da, horregatik exijitzen diegu Hego Euskal Herriko administrazio guztiei murrizketa hauek aplikatu ez ditzaten.
Bukatzeko, antolatzen ari diren beste mobilizazio handiagoez gain, zerbitzu publikoetako langileei datorren astetik aurrera mobilizatzera deitzen diegu, mobilizazioa beste biderik ez baita egongo murrizketa neurriekin bukatzeko; horregatik, datorren asterako deitu dugun borroka astera deitzen ditugu zerbitzu publikoetako langile guztiak:
Datorren aste guztian lantoki guztietan kartelak, pegatinak zein pankartak jartzera deitzen ditugu, baita lantokietan protesta ekitaldiak egitera (itxialdiak, kontzentrazioak, manifestazioak...).
- Uztailak 17an, asteartean eguerdiko 11etan hiriburuetan Lanbide eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuek dauzkaten bulegoen aurreko kontzentrazioak.
- Uztailak 18an, arratsaldeko 19etan eskualdeetan egingo diren kontzentrazio guztietan parte hartzera.
- Uztailak 20an, ostirala, hiriburuetan eguerdiko 12etan kontzentrazioak egitera.
ZERBITZU PUBLIKOEN SUNTSIKETARI STOP!