Biodonostia, Biobizkaia eta Bioaraba
Elkarreratzea egin dute lan baldintzak salatu eta hitzarmen duina eskatzeko

Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langileek elkarreratzea egin dute Donostiako ikergunearen atarian. Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun ikerkuntzarako erakundeen eta BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioaren xedea da Osakidetzan osasun zientzien ikerkuntza eta berrikuntza sustatzea, garatzea, kudeatzea eta zabaltzea. Baina punta-puntako ikerketa zientifikoa garatu arren, prekaritate handia dagoela salatu dute. Horregatik, Jaurlaritzari eskatu diote euren errealitateari erantzungo dien hitzarmena negozia dezala.
Izan ere, ikerketa zentro horietako langileen baldintzak Europako batez bestekoaren oso azpitik kokatzen dira. Ondorioz, nahiz eta zentroetako langileetako askok prestakuntza eta kualifikazio handia izan (lizentziaturak, masterrak, doktoretzat eta posdoktoretzak), askok zailtasun ekonomikoak dituzte.
Hasteko, ez daukatelako lan hitzarmenik, eta gehienetan ez da langileen estatutua bera ere betetzen. Ondorioz, adibidez, gehienetan ez zaio erreparatzen sektoreko lan kargari, eta langileari iradokitzen zaio kontratuko orduen arabera fitxa dezala, ez daitezen erregistratu benetan egindako ordu kopuruak.
Era berean, langile asko aldi baterako kontratuekin jarduten dute, etengabe kontratuak kateatuz. Garapen profesionala eta etorkizuna bera mugatzen du horrek, eta langile askok atzerrira edo erakunde pribatuetara jotzen dute. Soldatak ere Europako batez bestekoa baino askoz ere apalagoak baitira. Adibide bat: masterdun lizentziatu batek urtean 19.300 euro gordin jasotzen ditu.
Hori gutxi ez, eta sektore publikotik at kokatzen dituztela deitoratu dute elkarreratzean. Osasun Sailarekin, alegia, Osakidetzarekin lan eginagatik ere, “bigarren mailako” langiletzat hartzen dituztela salatu.
Egoera horren aurrean, langileek euren egoera eta lana aitortzea eskatu eta, eta ziurtatu dute zientzia esparrura egokitutako hitzarmena beharrezkoa dela. Horregatik, Jaurlaritzari eskatu diote aintzat har ditzala ikerlarien eskaerak. Euskal Herriko ikerketak goi mailan jarrai dezan, beharrezkoak baitira lan baldintza duinak.