Erabateko jarraipena Gipuzkoako erresidentzietako greba deialdi berrian

2018/12/24
ELAk greba deitu du abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31rako Gipuzkoako nagusien erresidentzia eta eguneko zentroetan. Deialdi berri honen lehen greba egunak erabateko jarraipena izan du, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri badituzte ere.

Bi urtez sasi negoziazio batean murgilduta egon ondoren, eta Gipuzkoako nagusien erresidentzien eta eguneko zentroko sektorean bederatzi eguneko greba egin ostean, ELAk zazpi eguneko greba deialdi berria egin du gabon gaua eta urte zahar gauetarako, biak barne. Hortaz, greba egingo dute langileek abenduaren 24, 25, 26, 28, 29, 30 eta 31n. Grebaren lehen egunean jarraipena erabatekoa izan da; grebarako eskubidea zutenek bat egin zuten deialdiarekin.

Gutxieneko zerbitzuen eraginez greba egitera 5000 langile daudenez deituta, bost lagunetik batek bakarrik egin dezake greba, Diputazioak eta Lan Delegaritzak jokatutako papera tarteko.

Greba hasi zenetik hiru hilabete igaro dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikaragarrizko erantzukizun gabeziak eta patronalaren izozketaren proposamenek gatazka blokeatu eta gabonetan grebara aterako den sektorearen ezinegona okertu besterik ez du egin.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera hipokresia hutsa da; publikoki soldata arrakala bertan behera uztearen aldeko apustua egiten du, baina praktikan kontrako norabidean sakontzen du. Sektore honetako erabiltzaileak, familiak eta langileak albo batera utzi ditu, ia bere osotasunean erakunde honek finantzatutakoa den sektorean duen erantzukizuna bere gain hartu nahi ez duelako. “Bizkaikoa bezalako” gatazkarik nahi ez dutela esaten dute, baina beraien jokabidea, inplikazio falta eta arduragabetasunak gero eta gehiago enkistatzen du egoera eta, ondorioz, langileek beraien eskubideak kalean eta grebaren bitartez aldarrikatzea beste biderik ez dute.

Patronalek ez dute fitxarik mugitu eta izozketak proposatzen jarraitzen dute. Gogoratu, honako hauek direla langileen aldarrikapen nagusiak: hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…); 20 minutuko atsedenaldi ordainduak; lanaldien normalizazioa; ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz; norberaren zereginetarako egunak; gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea; 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak; hobekuntza sozialak…