BILBOBUS
Erosteko ahalmena bermatzea eta kontratu prekarioak desagerraraztea eskatu dio langile batzordeak zuzendaritzari
Bilbobuseko langileak argi uzten ari dira hainbat batzarretan eta bozketetan ez dutela onartuko KPIa bermatzen ez duen proposamenik, eta erosteko ahalmenari eustea funtsezko baldintza dela gatazka konpontzeko. Era berean, ezinbestekoa da % 62ko kontratu prekarioak lanaldi osoko kontratu bihurtzea. Ildo horretan, Bilbobuseko ordezkaritza sindikal guztiak orain astebete baino gehiago egindako azken proposamenari erantzuteko eskatzen diete langileek zuzendaritzari.
Enpresa Batzordearentzat erabat ulertezina da, zuzendaritzaren aldetik mugimendurik ez dagoen bitartean, Udalak modu mediatikoan langileen izen ona zikintzea helburua duten deklarazioak egitea.
Bilbobuseko langileak 2021etik daukate hitzarmena berritu gabe, eta, beraz, erosteko ahalmenaren galera metatzen ari da; gainera, urteak daramatzate murrizketak jasaten, lanpostuak amortizatzen, epaiak ez betetzen eta abar. Gogoan izan behar da aurreko emakidadunak (Veolia) kontrata utzi zuela, eta horrek arrisku larrian jarri zuela zerbitzu publikoa. Ondoren, Udalak Alsa eta Transitiak osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zion zerbitzua (Bizkaiko beste udal garraio batzuen artean, Bizkaibuseko zerbitzu batzuk ustiatzen dituen aldi baterako enpresa elkarteari). Une horretatik aurrera, Bilbobuseko zuzendaritza berria hauxe egiten ari da: lanpostuak murrizten eta amortizatzen, zerbitzuaren kalitatea eta autobusen mantentzea okertzen; hainbat artikulutan hitzarmena ez betetzen; plantillari eskubideak aitortzen dizkioten epaiak ez betetzen; eta langileen lan baldintzak prekarizatzen (behin-behineko eta lanaldi partzialeko kontratazioa handitzen).
Gauzak horrela, langile batzordearen gehiengoak dei egiten die zuzendaritzari eta Bilboko Udalari lan gatazka hau behingoz konpon dezatela langileen lan eta bizi baldintzen hobekuntzekin. Mahai gainean jarritako neurriak ezinbestekoak baitira Bilboko herritarrei kalitatezko garraio publikoa bermatzeko.