Arabar Errioxako Lehen Arretaren egoera salatu du ELAk

2019/06/27
ELAk jakin duenaren arabera, Osakidetzako Arabar Errioxako arduradunak ez dauka asmorik azken 10 urtetan uda garaian Bastidako mediku titularra laguntzeko egiten den errefortzu kontrataziorik egiteko. Azpimarratzekoa da uztaila eta iraila bitartean Bastidako herria 1.500 biztanletik 10.000 biztanletara pasatzen dela. Beraz 10.000 pertsona artatzeko mediku bakarra egongo litzateke.

Orain arte arratsaldeko errefortzua programatutako zitak bukatu eta arratsaldean sortutako urgentziez arduratzen zen. ELArentzat erabaki hau onartezina da eta Osakidetzari eskatzen dio Bastida eta bere Osasun gunearen menpe dauden herritar eta udatiar guztiek dagokien osasun estaldura izateko berehalako neurriak hartu ditzala. Tamalez ez da lehen aldia Osakidetza landa eremuko osasungintza diskriminatzen saiatzen dena. Orain dela 11 urte, ELAk, langile, erabiltzaile eta garaiko udal gobernuarekin batera antzerako erabaki bat atzera botatzea lortu zuen.

Horrez gain, Oion eta Guardia buru dituen osasun guneak bi mediku izango ditu , eta hauei eguneko eskaria artatzeko hurrenez hurren 16,30 eta 73 egun jarraian dituzten kartelerak proposatu zaizkie. Hau da medikuetako batek, inolako jai egunik gabe eta ohiko lanaldiari guardiak gehituz, bi hilabete baino gehiago jarraian lana egin beharko du.

Administrazio publiko bateko zuzendaritzak arinkeriaz egindako proposamen hau guztiz onartezina da. Eskubide laboralei egindako eraso zuzena izateaz aparte, honelako planteamenduekin ezinezkoa da erabiltzailearen segurtasuna bermatzea. ELAtik eskatzen dugu bi egoera hauei aurre egin eta atzean dauden erabakiak berehala atzera bota ditzala Osakidetzak, eta ESI Arabar Errioxako Zuzendaritzak langile eta herritarrentzat errealistak diren alternatibak plantea ditzala.

ELAn hamar urte baino gehiago daramatzagu salatzen Osakidetzak zehazki neurtua zuen kolapso honek ondorio larriak ekarriko zituela. Gaur egun Lehen Arreta gain hartuta dago. Kudeatzaileen aurreikuspen eskasia eta inbertsio faltari, agortutako asistentzia eredua gehitu behar diogu. Honen ondorioak langile eta erabiltzaileek pairatzen dituzte. Osakidetzak egoerari berehala buelta ematen ez badio, beharrezko baliabideak bideratuz, ELAk dinamika mobilizatzailea bultzatzen jarraituko du. Ez diogu entzungor egingo langile eta herritarren haserreari.