BEHIN-BEHINEKOTASUNA

Europako justiziak berretsi du ez dagoela sektore publikoaren arazoari aurre egiteko borondate politikorik

2024/02/22
ELAk dio Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) emandako epaiak berretsi egiten duela sindikatuak aspalditik salatu duena. Lehenik eta behin, Iceta Legea, EAEko Administrazioaren Kidego eta Eskalen Legea, zein gainerako araudiak ez dira aski aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera konpontzeko eta horren kontrako bermeak emateko hori jasaten duten milaka langile publikorentzat. Konponbidea, nahitaez, plantilla horiek kontsolidatzea eta etorkizunean egoera hori berriro errepikatzea eragozteko neurriak dira. Aipatutako araudiak ez ditu ez bata, ez bestea bermatzen. Bigarrenik, Europako Auzitegiek ez dute langile horien finkotasun automatikoa erabakiko, eta, beraz, ezinbestekoa da mobilizatzen jarraitzea beharrezkoak diren lege aldaketak egin daitezen, Hego Euskal Herriko sektore publikoan dauden 77.000 aldi baterako baino gehiago finkatzen direla bermatzeko. Epaiak atea irekitzen dio finkotasunari, hartu daitekeen neurri gisa, baina auzitegien esku uzten du, eta ez dezagun ahaztu, urteotan epai ugari eman dituzte kontrako zentzuan. Aipatzekoa da, gainera, epai horrek langile laboralei buruz hitz egiten duela.

 

ELAk dio enplegu publikoaren egoera "dramatikoa" dela Hego Euskal Herrian. Egun 77.000 behin-behineko baino gehiago daude. "Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen propagandaz haratago, Eustaten datuak oso argiak dira: behin-behinekotasuna inoiz baino handiagoa da, eta EAEko batez bestekoa %44 da". Tasa hori sektore pribatukoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta Osakidetzan, esaterako, 22.000 aldi baterako langile baino gehiago daude, eta horietatik ia 10.000 8 urtetik gorako antzinatasuna dute. Hezkuntzaren kasuan, 7.000 aldi baterako langile baino gehiago daude 8 urtetik gorako antzinatasunarekin.

Sindikatuak dio Hego Euskal Herriko Gobernu eta Erakundeek, behin-behinekotasunaren arazoari irtenbidea emateko beharrezko neurriak hartu eta eskura dituzten tresna guztiak erabili beharrean, gogo onez onartu dutela egoera: langileei begira diziplina-neurri gisa baliatzeaz gain, sektore publikoa murrizteko eta pribatizatzeko ere balio izan diena. "Madrilen balizko betoa, birjarpen-tasen bidez, aitzakia ezin hobea bihurtu da beste modu batera justifikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak eta egoerak justifikatzeko", dio.

ELAren ustez, egungo egoerara eraman gaituzten gaietako bat birjarpen-tasak izan dira. Neurri hori duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen aplikatzen, eta horrek esan nahi du Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean muga bat ezartzen dela autonomia-erkidego bakoitzak lan-eskaintza publiko batean dei dezakeen plaza-kopuruari dagokionez. Horrek esan nahi du Madrilgo Gobernuak indarrik gabe uzten duela EAErena den eskumen bat; izan ere, alde bakarrez erabakitzen du zer behar dauden euskal zerbitzu publikoetan. "Muga hori larria bada ere, euskal alderdi politikoek aurrekontuen lege horien alde bozkatu dute", salatu du ELAk. Adibidez, 2022an eta 2023an EAJren eta EH Bilduren aldeko botoak izan zituzten.

ELAk uste du EAEko eta Nafarroako gobernuek eta erakundeek Madrilgo betoa erabili dutela enplegu publikoa prekarizatzeko eta suntsitzeko, baina behin-behinekotasunari aurre egiteko tresnak izan dituztenean, nahiz eta nahikoak ez izan, ez dituzte erabili. Halaxe gertatu zen Iceta Legearekin. ELAk bere garaian salatu zuen Eusko Jaurlaritzak, bere erantzukizun eremuetan, ez zituela eskaini aipatutako legearen arabera eskaini beharreko plaza guztiak. Hori dela eta, bide judizialari ekin zion plaza guztiak eskain zitezen, eta oraindik ere bide hori irekita dago.

ELAk argi du birjarpen-tasekin amaitu behar dela eta konponbideak martxan jarri behar direla, aldi baterako milaka langileak kontsolidatzeko eta etorkizunean egoera hori errepika ez dadin bermatzeko. ELAk bere garaian egindako proposamenak gaurko epaiak agerian uzten dituen gabeziak estaltzen ditu; izan ere, behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile guztien egoerari irtenbidea ematea ahalbidetzen du, eta etorkizunean egoera hori errepikatuko ez dela bermatzeko neurriak hartzen ditu.
Sektore publikoaren hilabeteotako greben aldarrikapenetako bat da, hain zuzen ere, gure sektore publikoaren enplegua eta soldata hemen negoziatu eta erabaki ahal izatea. Izan ere, bide hori langileen lan baldintzak hobetzeko eta, ondorioz, gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko bidea da. “Lan baldintza onik gabe, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik”, ondorioztatu du.